"Azken zaplastekoa jaso dugu gaur Auzitegi Gorenetik: 107 lokal, taberna, elkarte… ixtea eta ezker abertzaleko 20 militanteri kartzela zigorra. Baina herritarrok argi daukagu injustizien aurrean elkartu egingo garela eta salatu egingo ditugula kalean", jakinarazi du Bergarako Libreko Anek.
Audientzia Nazionalak eman zuen sententziaren norabide berdinean doala gaurko erabakia jakinarazi du Ibai Redondok: "Abokatuek helegitea jarri zioten sententzia hari, eta gaur Auzitegi Gorenak berretsi egin du sententzia hori eta exekutatu egingo da. Helegiteak jarriko dira seguru asko, baina exekuzioak aurrera jarraituko du eta helegitearen erantzuna luzerako izango denez geratzen diren aukerak oso urriak dira. Hortaz, guk behin betiko itxieratzat hartu dugu".
Ez dakite itxiera hori noiz izango den eta zelan: "Gure taberna eta lokalen defentsa indartsu eta baketsua egingo dugu". Eta gaineratu du "herri honek zabaldu duen bake bidea" oztopatzeko ahalegina dela epaia: "Horregatik herritar guztien beharra egongo da bide hori zabaltzeko. Eta halakoak ez gertatzeko konponbide bakarra da herri hau libre izatea; horretarako herritar guztiak inplikatu behar dira".
Datozen egunetarako mobilizazioak iragarri dituzte. Martitzenean, ekainak 23, agerraldi masiboa egingo dute 18:00etan, San Martin plazan: "Denon artean erabakiko dugu zelan erantzun eraso honi", esan dute Libretik.
Arrasaten (goiko argazkian), Oñatin eta Aretxabaletan ere egin dituzte protesta ekitaldiak.
Bestalde, Auzitegi Gorenaren epaiaren balorazioa egin du Sortuk. Esan du konfiskaziorik handiena dela 1936tik: "36ko gerratik hona jazarpen politikoagatik izan den jabego konfiskaziorik handiena" dela esan du Pernando Barrenak.