Arrizuriagako lanak esleitu behar dituen patronatuan gehiengoa izango du EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Udalerako hauteskundeak irabazita –Kutxa eta UNED bera dira patronatuko beste bi kideak–; UNEDek, hori bai, beren proiektua egonkortzeko Arrizuriagakoa erabakigarria dela behin eta berriz esan duela nabarmendu du jarduneko alkate Jaione Isazelaiak; "diru baliabideak" ere lortu direla eta proiektua esleipen fasean dagoela gogorarazi du Isazelaiak: "Espero dugu obrak esleitzea; ez esleitzea arrisku ikaragarria izango litzateke UNEDen proiektuarentzat". Arrizuriagakoak aurrera egin eta proiektua burutzen bada, berriz, herrirako "oso aberasgarria" izango dela adierazi du jarduneko alkateak.
Gainerakoan, agintaldi honetan udal gobernuko kide izan direnek bideratuta utzi dituzten beste hainbat proiekturen gainean ere jardun dute; besteak beste: azoka biziberritzeko proiektua eta ludoteka bertan kokatu ostean guraso talde batekin izandako lan dinamika, mantendu beharrekotzat jo dutena; San Joxepeko baratze urbanoena, aurreko lanak eginda, hurrengo gobernuak nahi badu eraikitzen hasteko moduan dagoena, adierazi dutenez; hirugarren sektorea laguntzeko martxan jarritako Bergara Bizi, jarraituko balu bergarar denen onerako litzatekeena diotenez; lanak esleitzear dituen Seminarioko elizako kultura areto berriaren proiektua; hirigintza alorrean hainbat proiektu, San Antonioko etxeak botata inguru hura hobetzeko egin ahalko litzatekeena, datorren astelehenean hasiko diren Bidekurutzetako lanak, bidegorri sarea osatzeko landuta utzitako proiektuak, eta Osintxu eraberritzeko diru laguntzak jasotzeko aukera emango duen ikerketa sozio-urbanistikoa, amaituta dagoena. Gizarte Zerbitzuetan eguneko zentro berrirako hitzarmena Grupo Eibarrekin, eta Zabalotegi kalerako eta Mizpirualderako igogailuak, lanak laster martxan izango dituztenak, eta kirol arloan Agorrosinen uda osterako egongo omen diren padel pista estalia eta gimnasio handiagoa.
Laboratorium museoa uztailaren 17an inauguratuko dute
Horrez guztiaz gain, Errekalde jauregiko Laboratorium museoa bidean dagoela ere azaldu zuten. Irekiera ofiziala uztailaren 17rako aurreikusi dute, uda partean herritarrek eta turistek bisitatzeko aukera izan dezaten. Hala ere, gizarte museo izenari erreparatuta, dagoeneko bertan Berrekin, Berregin ikastaroa egiten ari dela ere azaldu zuten, "non hogeitik gora gazte ekintzailetasun sozialaren inguruan formazioa jasotzen ari diren etorkizunean ekimenak martxan jarri eta autoenplegatzeko". Prozesuaren lehen urratsak dira, eta hurrengo urratsetarako Udalak eman diezaiekeen laguntza eta babesa ezinbestekoak direla ere azaldu zuten.
Eta hau dena, nabarmendu dute, krisi egoeran eta udal zorra ia bi milioi, 10,2 milioitik 8,2 milioira jaitsiz: "Eta iruditzen zaigu hori lorpen handia dela krisi garai honetan, Udalaren etorkizunean sumatuko den lorpena".
Amaitzeko, jarduneko Udal Gobernuak eskerrak eman dizkie herritarrei eta udal langileei.