Bergarako EAJko alkategai Juanje Alberdi izan zen mitinean hitza hartzen lehena. Azaldu zuen talde "indartsuak, prestatuak eta esperientziadunak" osatu dituztela, eta gaineratu zuen, EAJrendako "pertsonak" direna muina; ezker abertzalearendako, aldiz, "euren interesek" hartzen dutela garrantzia.
Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, hitz egin zuen gero, eta ezker abertzalea kritikatu zuen hauteskunde hauetarako aukeratu duen Garaile leloarengatik. Adierazi zuen garaitu nahi duenak norbait menderatu nahi duela, "inposatuz eta kontrolatuz", eta EAJren jarrera "bestelakoa" dela: “Garaitu nahi duenak norbait menderatu nahi du, inposatu eta kontrolatu. EAJk, ordea, irabazi nahi du gobernatu, akordioak bilatu, arazoak konpondu, gizarte justuago bat eraiki eta Herri gisa aurrera egiteko, inor bide bazterrean utzi gabe”, azaldu zuen. Eta hau gaineratu zuen: “Guk ez ditugu garaile eta garaituak nahi. Herritar guztiak berdin errespetatzen ditugu. Herriarena da hitza eta erabakia, eta guk konpromisoa hartzen dugu herritarren eskutik lanean jarraitzeko”.
Bi eredu
Aldundirako EAJren hautagai Markel Olano izan zen hitza hartzen hurrena. Azpimarratu zuen hilaren 24ko hauteskundeetan bozka emateak berebiziko garrantzia izango duela Gipuzkoari behar duen "aldaketa" emateko. Eta gainaratu zuen herritarrek kudeatzeko, gizartea ikusteko eta politika egiteko Gipuzkoan dauden bi ereduren artean aukeratu beharko dutela herritarrek; EAJk defendatzen duen "akordioa eta elkarlanaren eredua" ala ezker abertzalearen "inposizioa, mesfidantza eta gizartearekiko urruntasunarena". Esan zuen bi ereduen arteko talkan, Eusko Alderdi Jeltzaleak daukala aldaketarako giltza nagusia.
Iñigo Urkullu lehendakariak hitz egin zuen gero eta azaldu zuen "kohesioa" dela EAJk euskal gizarteari eskaintzen dion ereduaren ardatza. Jakinarazi zuen baita ere EAJ programa "sendoarekin" datorrela eta hitza beteko duten konpromisoa hartzen dutela.
Ekitaldian hitz egin zuten jeltzale guztiek gonbidatu zituzten herritarrak hilaren 24an EAJ bozkatzera.