Triste daude, dagoeneko ez dute-eta esperantza handirik etorkizunari begira. Eta, era berean, haserre daude, hain justu, esperantzak izan ostean, oraingoz, guztiak zapuztuta ikusten dituztelako.
Maiatzaren amaierara arte
Gaur egun Bergarako Candyren plantan 14-15 bat langilek jarraitzen dute lanean –GIASen beste horrenbestek–, eta hala jarraituko dute maiatzaren amaierara arte batzuek eta apurtxo bat gehiago beste batzuek. Argentinarako dihardute orain lanean, kit-ak egiten; garbigailu-pusketak, bestela esanda.
Urtarrilean abiarazitako EREan diharduten langileak dira horiek, eta, hain zuzen ere, bukatzeko dituzten lanak bukatu bezain laster, horietako gehienak, gaur-gaurkoz, kalean geratuko dira. Izan ere, berez, maiatzaren 31n bukatuko dira Candyrekin sinatutako kontratu guztiak.
Eta horietako beste batzuek –bulegoetan dihardutenak– Candyren bitartez Bartzelonara lekualdatzeko aukera geroago eta gertuago ikusten dute.
Kitapena kobratzen
Bien bitartean, kitapena eta kalte-ordaina kobratzen hasi dira langileak. Kaleratze-eskutitzak –kaleratzea baino hamabost egun lehenago– hiru txandatan jasotzen dabiltza, eta, beraz, kaleratzeak eta kitapenak ere hiru txandatan gertatzen dabiltza: batzuek joan den eguenean jaso zuten eskutitza, beste batzuek oraingo asteko eguaztenean, eta hirugarren multzo batek hilaren 16an.
Etorkizunari dagokionez, eta motor elektrikoak egiteko Optimizen proiektua bertan behera geratu ostean, une honetan beltz ikusten dute Bergarako plantan beste jarduera industrial batekin lanean segitu ahal izatea.
Are gehiago, langileetako batzuk hasi dira kanpoan lan bila, eta gutxi batzuek aurkitu ere aurkitu dute lanpostu berria.
Edozein modutan, Optimizenena ez den jarduera industrial berriren bat erakartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatutako hamabost eguneko epeari begira ere badabiltza langileak, esperantza txikiarekin bada ere.
Dirua ipintzeko gertu
Izan ere, Candy-Hoover taldearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta langileen ordezkarien arteko negoziazio prozesuan parte hartu duen langileen ordezkarietako batek aditzera eman du proiektu sendoren bat egongo balitz, langileak, oro har, dirua hor ipintzeko gertu egongo liratekeela.
Iturri berberen arabera, "jende gehienak, zoritxarrez, ez dauka beste ezer; langabezian daude. Beraz, badago jarrera bat proiektuak aztertzeko eta kalte-ordainaren zati bat horretara bideratzeko. Proiektuan sinisten badute, ez dute arazorik izango dirua ipintzeko".
Kontuan hartu beharreko beste elementu bat da Bergaran lanean ibili diren langile askok ez dutela goi mailako ikasketarik, eta, gainera, adinean aurrera doazela. "Askok OHO bakarrik dute, beste batzuek hori ere ez. Emakumeak dira katean lanean ibili diren asko; adin altu samarrekoak beste asko…", adierazi du kitapena kobratzera joandako langile batek.
Instalazioen lagapena
Candyren etorkizuna argitzen den bitartean, behintzat, Candy Hoover etxearen aldeko jarrera badute. Instalazioak langileen esku baldintza onetan uzteko gertu dago multinazionala, eta, datozen asteotan gertatzen denaren arabera, beste luzapen bat eskatuko dute langileek; izan ere, berez, apirilaren amaieran bukatu da talde italiarrak Bergarako instalazioen erabilerarekiko jarritako baldintzen epemuga. Oraingoz, maiatzaren 15era arte luzatu du Candy Hooverrek epe hori, eta badirudi beste luzapen bat emateko gertu egongo dela Candy Hoover.
Hori bai, instalazio horien egoerarekiko kezka ere partekatu dute langile batzuek. "Pentsa zelako pabiloi handiak diren eta ze langile gutxik dihardugun lanean. Pabiloien egoera denborarekin eskastu egin da, ez direlako erabiltzen eta mantentzen".