Bergarako EAJko alkategai Juanje Alberdik gobernu-programa zehatz bat aurkeztu du jeltzaleek etxe guztietara zabaldutako kanpainaren ondoren, herritarrek egindako proposamenekin osatua dagoena.
Ekonomia dinamizatzea helburu
Landu diren 17 proposamenak Bergarako mapa batean kokatu eta erakutsi aurretik, Alberdik argi utzi zuen atzo, eguaztena, egin zen prentsaurrekoan bere hautagaitzaren helburu nagusia dela datozen urteetara begira, enplegua sortzea. Baita Bergarako ekonomia dinamizatzea eta eragile ekonomiko guztiak, hau da, industria, merkataritza eta autonomoak, garatzea ere. Gaineratu zuen, horretarako transparentziaz jokatuko dutela: “Gure ideia da gauzak beste bide batetik egitea, modu ezberdinean. Ezker abertzaleak izan ditu dagoeneko zortzi urte erakusteko zein den bere joera eta gure joera desberdina izango da. Guk transparentziaz jokatuko dugu partaidetza bultzatzeko eta aurrera egiteko”, azaldu zuen Alberdik.
Ekonomia dinamitzatzeko beharra azpimarratzeaz gain, Alberdik adierazi zuen ezin direla berriro errepikatu atez atekoarekin izandako gertaera "penagarriak", eta EAJk udal gobernutik bosgarren edukiontzia sustatuko duela.
Jarraian, datozen urteetarako proposatu dituzten 17 proiektuak aurkeztu zituen. Ekonomiari dagokionez, esaterako, nahi dutena da Udal lokalak jartzea ekintzaileentzako edota Larramendi industrialdea bultzatzea inbertsoreak erakartzeko eta enpresei zerbitzuak eskaintzeko. Lurpeko parkina jartzea ere bada euren beste proiektuetako bat: “Ekonomia sustatu ahal izateko eta pixka bat berpizteko, lurpeko parkin bat garatu nahi dugu datozen urteetan. Horrekin nahi duguna da jendea herrira hurbiltzea eta hori ez dago borrokatuta gune peatonalak garatu ahal izateko”.
Hainbat proiektu
EAJk Bergararako dituen 17 proiektuak.
Horrez gain, jeltzaleen asmoa da beste proiektu hauek ere garatzea: Ipintzan eta Bolu fontoian estalkiak jartzea eta Agorrosingo futbol zelaiaren lagapena negoziatzea Bergarako Kirol Elkartearekin bertan entrenamenduak eta beste kirol batzuk uztartzeko.
Eta kulturari dagokionez ere, hainbat proposamen dituzte, adibidez, Espoloia kultur ardatza sortzea eta frontoia ikuskizun handietarako egokitzea: “Gure asmoa da seminarioko obra aurrera joan ahala, frontoian garapen bat egitea. Frontoia kirol eta kultura jardueretarako erabiltzeko eta Bergaran egiten diren jende askorendako ekitaldietarako frontoian eduki ahal izateko bidea aurrera egiteko”.
Beste proiektu batzuk dira herrian Wifi guneak jartzea, bidegorri-sarea amaitzea, herriko irisgarritasuna hobetzea edota Arrizuriaga parkea birmoldatzea herritarrek gehiago erabil dezaten eta Espoloian alokairu sozialeko etxeak sustatzea.
Amaitzeko, Alberdik eskerrak eman zizkien herritarrei egindako ekarpenengatik.