Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Juanje Alberdi: "Esperientziadun talde ekintzailea eratu dugu"

Imanol Gallego 2015ko api. 17a, 08:38

Atzo aurkeztu zuen Bergarako EAJk Udal hauteskundeetara aurkeztuko duen hautetsien zerrenda. Guztira 20 zerrenda-kide dira eta, emakume zein gizon, kopuru bera dago. Juanje Alberdi alkategai jeltzaleak "ilusioa" eta "beste modu batera gobernatzeko konpromisoa" nabarmendu ditu taldearen ezaugarri nagusi gisa. 

"Bergarak behar duen aldaketaren lidergoa hartzeko gaitasuna duen taldea". Hitz horiekin laburbildu du Bergarako EAJko alkategai Juanje Alberdik Udal hauteskundeetara berarekin batera joango diren hautetsien profila. Herriko alderdikideen aurrean aurkeztu ditu, eta "inposaketarik gabe" eta "herriarentzat lan egiteko prest dagoen lan taldea" duela zehaztu du.

Askotariko alorretan jakintza duen talde gisa aurkezten direla azaldu du Alberdik: "Afiliatu eta independentez osaturiko jende multzo prestatua gara, kudeaketan eskarmentu handia dugularik alor ezberdinetan: industrian, zerbitzuetan, merkataritzan, gizarte zerbitzuetan, hezkuntzan, kulturan, bakegintzan... eta sentimendu bera dugu denok: posible da Bestelako Bergara eta eraikitzera goaz".

Ekonomiaren "gainbehera"

Taldea aurkezteaz gain, hauteskundeetara eroango dituzten hainbat puntu ere aurreratu ditu alkategaiak; eta lehentasuna "Bergara pairatzen ari den ekonomiaren etengabeko gainbeherari" aurre egitea izango dela azaldu du: "Industrian eta zerbitzuetan lanpostuen galera jarraia izan da eta gogor lan egingo dugu joera hori apurtzeko; hori izango da gure jardunaren ardatz nagusia". Horri gehitu dio ekintzaileak izango direla foro guztietan eta baita beste erakundeekiko harremanetan ere, "galdutako denbora berreskuratzeko eta Bergara herri erakargarrian bihurtzeko, zentzu guztietan".

Bergara "indarberritu" nahi dutela azaldu du, "ekonomia oparo, industria sendo eta merkataritza sektore dinamiko baten bitartez, zerbitzu onak lortzeko eta herritarren bizi kalitatea mantentzeko lan eginez".

Atez atekoa bertan behera

Alberdik argitu duenez, Bilduk garatutako hainbat proiektu atzera botako dituzte, tartean hondakinen bilketa sistema, "beti ere gehiengoa errespetatuz".

"Irabaztera"

Alkategaiak jeltzaleen programa "gardena" eta "gertukoa" dela dio eta, hori garatu ahal izateko, maiatzeko Udal hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izateko asmo eta helmugarekin ari direla lanean.

GBBko presidente Joseba Egibar ere izan zen aurkezpen ekitaldian eta, hautagaitzari bere babesa emanez, ondorengoa adierazi zuen: "Garbi dago Bergaran gobernatzeko eta herria eraikitzeko bi eredu ezberdin daudela: ezker abertzalearena, inposaketa eta gizartearen kontrolean oinarritzen dena; edota EAJrena, Bergara eta Gipuzkoa hazi arazteko arduraz gobernatzen duena".

Hautagai zerrenda

1. Juanje Alberdi Landa

2. Ander Alberdi Lete

3. Maite Agirre Iribar

4. Lander Arregi Intxausti

5. Izaskun Labaien Bergara

6. Sabino Azkarate Leturia

7. Iñaki Arregi Akizu

8. Elena Lete Gartzia

9. Igor Oiarbide Zubillaga

10. Irune Galarraga Ezenarro

11. Luis Migel Sarobe Markaida

12. Maite Barrena Aranburu

13. Jose Orgaz Bueno

14. Xabier Zabaleta Unamuno

15. Arantxa Ibarzabal Azkargorta

16. Jose Antonio Aperribai Gallastegi

17. Maria Antonia Ugarte Irazabal

18. Edurne Muruamendiaraz Garmendia

19. Maria Eugenia Igarza Azkarate

20. Martin Loiti Herrea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak