Lanak egiteko 20 hilabete izango dituzte. Ia 3,5 milioi euroko obra da (3.484.558 euro BEZ eta guzti), bere garaian Iñaki Aspiazu arkitektoak egindako proiektuan oinarrituta. Halere, proiektua 2009koa da eta aldaketa batzuk egin behar izan dizkiote, batez ere indarrean dagoen legediara egokitzeko. Kontuan izanda proiektuaren egilea hilda dagoela —joan zen urteko apirilean zendu zen—, Bergarako Zetabi arkitektura enpresa arduratu da eguneratzeaz.
Bai Bergarako UNEDek eta baita Udalak ere pozik hartu dute berria. Proiektua aurrera doan seinale. Iñaki Espartza UNED-Bergarako zuzendariaren esanetan, "Bergarako UNEDen kokapenaren gaineko eztabaida gaindituta, aurrera doa guztia".
Permutaren ondorio
Iazko irailean sinatu zuten permuta UNED-Bergara Patronatuko kideek. Errege Seminarioa eta Arrizuriaga jauregia trukatzea ahalbidetzen duen hitzarmena, hain justu ere. Hitzarmen horren arabera, UNED Arrizuriaga jauregian kokatuko da. Horretarako, Bergarako Udalaren jabetzakoa zen eraikina Patronatuari ematen zitzaion Bergarako Udalak. Eta, ordainetan, Bergarako Udalak eskuratzen zuen Errege Seminario osoa eta ondoko jolastokia: egun UNEDek darabilen espazioa, eliza eta Aranzadi Ikastolak darabilena. Azken hau 75 urterako dohaintzan hartuta dauka ikastolak. Era berean, Bergarako Udalak 1,7 milioi euro eskuratzen zituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik operazio hori dela-eta.
Bergarako Udal Gobernuko Bilduk eta Aralarrek, eta PSE-EEk permuta horren alde bozkatu zuten bere garaian. EAJ, aldiz, aurka agertu zen. Haren ustez, bideragarria zen Errege Seminarioaren titulartasuna eskuratzea Arrizuriagako Udal ondarea galdu gabe.
Gipuzkoako Diputazioak, Kutxa Fundazioak, Bergarako UNEDek eta Bergarako Udalak osatzen dute UNED-Bergara Patronatua. Joan zen martxoaren 31n batzartu zen azkenekoz eta han erabaki zuten lanak adjudikatzeko deialdi publikoa egitea. Joan zen egubakoitzean, apirilaren 10ean, argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Arrizuriagan orain egin behar dituzten birgaitze eta berritze lanen inbertsioa Gipuzkoako Foru Aldundiak (%63,61), Kutxa Fundazioak (%26,39) eta Bergarako Udalak (%10) hartuko dute beren gain.
Gauzak ondo bidean, lanak aurtengo udan adjudikatuko dituzte, "abuztua baino lehen", eta 2017ko udarako bukatuta egongo dira. Hartara, Bergarako UNEDek Arrizuriagan hasiko luke 2017-2018 ikasturtea.
Jauregitxo frantsestua
Arrizuriaga jauregiak badauka zelanbaiteko interes arkitektonikoa. XIX mendekoko bigarren zatikoa da. 1884an hasi ziren eraikitzen, lorategian, Untzeta-Murua familiaren ekimenez, hauen etxe izateko. Herri-parke batean kokatutako jauregitxo frantsestu izaera dauka. Interesa bolumetrian, eraikinaren tarte, estalki eta dorre tipologian, eta bere inguruko arboladiarekin duen erlazioan dago, Iñaki Aspiazuren jatorrizko proiektuan jasota agertzen den moduan.
Proposatutako irtenbidearen oinarrian, hezkuntza zentro baten eraikin publikoaren proiektua baldintzatzen dituen faktoreak daude: "argitasun funtzionala, malgutasuna denboran zehar, dagoenari begirunea, instalazioen argitasun eskematikoa eta mantentzeko erraztasuna".
Beirazko galeria bat
UNED unibertsitatearen eskakizunak eta ondoko urbanizazioan plataforma horizontal bat dagoela kontuan izanik, espazioak lurraren mailaren azpitik garatzearen aldeko apustua egiten da. Esku-hartzea tutoretzak hartzen dituen beirazko galeria bat erantsiz osatzen da. "Galeria-tipologia mota honetako eraikinak lagundu ohi dituen elementua da eta ez ditu inola ere eraikinaren irakurketa eta bere egungo bolumetria aldatzen, inguratzaile gardena baita".
Hortaz, eraikinaren ondoan, lur azpian eraikiko den gunean, liburutegia, liburuen gordailua, azterketak egiteko eta tribunalen gelak, eta komunak kokatuko dira. Sarrera nagusia gaur egungo atzeko aldetik egingo da, gehituko zaion beirazko galeriatik. Eta, hortik sartuta, erdisotoan, kokatuko dira idazkaritza, administrariendako gunea, informatika gela, artxiboa eta biltegia. Beheko solairuan, ostera, hainbat bulego eta tutoretza-gela. Lehen eta bigarren solairuetan, azkenik, hainbat gela, tutoretza-gelak eta komunak. Orotara, 2.300 metro koadro erabilgarri izango ditu eraikinak.
Arrizuriaga jauregia hutsik dago azkeneko bi urteotan. Azkenekoz, Jardun euskara elkarteak erabili du, asteburuko aisialdi gune bezala. Horren aurretik, ordea, Ertzaintzaren komisaria egon zen Ibargarai kaleko berrian kokatu zen arte, hain justu ere, 1986tik 2001era arte.
Sarrera Ramon Maria Lili kaletik
UNEDen egoitza berrirako sarrera nagusia Ramon Maria kaletik egingo da. Gaur egun itxita dago parkerako sarrera hori, baina hura erabiliko da behin lanak amaituta. Hori dela-eta, parkean ere egokitzapen txiki batzuk egin beharko dituzte. Hala adierazi du Jaione Isazelaia alkateak: "eraikina berritzeko proiektuan jasota dago".
Errege Seminarioa eta museoa
Iazko irailean sinatutako permutaren ondorioz, Bergarako Udalaren jabegokoa da Errege Seminarioaren eraikin osoa eta etorkizunean, behin UNEDek libre utzita gaur egun okupatzen duen espazioa, etorkizunean, Errege Seminarioaren zientzia museoa bertan kokatzea da Udalaren asmoa. "Laboratorium Errekalde jauregian irekiko dugu orain, baina behin behineko kokapena izango da" adierazi du Jaione Isazelaia Bergarako alkateak. Eta gehitu du azkenekoz Errege Seminarioko eraikina berritu denean, etorkizuneko museoaren kokapena kontuan hartuta egin direla lanak. Era berean, Errekalde jauregiko erakustokiak ere etorkizunean Errege Seminariora eroateko modukoak izango direla, "inbertsioa aprobetxatze aldera".