Alkategaiak ezagutzen

Mari Carmen Barrenetxea : "Ez dakidana galdetzeko zale naiz"

Marijo Deogracias 2015ko api. 18a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Lotsatia dela dio Bergarako PSE-EEren zerrendaburu Mari Carmen Barrenetxeak (Donostia, 1958), baina dagoeneko hirugarrenez aurkeztuko da udal hauteskudeetara. Hala ere, aurtengoak bereziak direla dio, "lasaitasun gehiagorekin" arituko dela, baita kanpainan ere.

Zer daukate berezia 2015eko udal hauteskunde hauek?

Gauzak asko aldatu dira, batez ere PSE eta PPko kideentzat, joandaneko 2-3 urte hauetan, eta onerako izan da gainera. Zein eroso gauden orain, lehen zela egon ginen kontuan izanda! Lasaitasuna irabazi dugu. Nik neuk, esaterako, gauza asko egiteari utzi nion, edozertarako bizkartzainarekin joaten ginelako eta sentsazioa neukalako gehiegizko erabilera egiten nuela. Gainera oso lotsatia naiz eta ez nuen inork horrela ikusterik nahi. Hortaz, aldaketa erabatekoa izan da. Orain, beste edozeinen modura zoaz hara eta hona.

Kanpainari begira ere aldaketa suposatuko du horrek?

Hasteko, beste edozeinen mailan nagoela kanpaina antolaketari dagokionez. Lasaitasun osoz nabil, egin behar den horretan pentsatzen, eta ez beldur edo antzekotan.

Hirugarrenez aurkeztuko zara udal hauteskundeetara? Gustua hartu diozu, ala?

Tira, engantxatu baino gehiago da asko ikasten dela lan honetan eta herritarren premiak gertutik ezagutzea eta lagundu ahal izatea oso gustagarria da.

Azkeneko legegintzaldi honetan zinegotzi bakarra izan zara, lan karga ere dezente izango da ba pertsona bakarrarentzako?

Kolpe handia izan zen bi ordezkari izatetik bakarra izatera pasatzea, batetik, bi lagun elkarrekin aritzera ohituta nengoelako eta, bestetik, euskaraz aritzen zena nire kidea zelako. Beraz, erronka bikoitza izan da eta bizkor ibiltzea tokatu zait. Lan karga ere dezente gehitu da, jakina, bai udaletxean zein etxean, ze, akten itzulpena egiten dugu euskara eskolak ematen didan irakaslearen eta nire artean, baina gero etxean berirakurri behar izaten ditut. Izan da ere batzordeak goizez eta arratsaldez izan ditudan egunik.

Estresante samarra dirudi... horrela ez dakit ba inor konbentzituko duzun zerrendakide izateko!

Ohituta nago, egiten dut eta kito. Batzordeetara gustura joaten naiz eta gainera herriko kontuen inguruan jakiteko balio dizun lana da, udalak nola funtzionatzen duen ezagutzeko modurik onena da; aitortuta ere goizeko 8etan udaletxera etorri beharra izatea, agian, ez dela erakargarriena.

Bai, ze, gainera zuk zeure lana ere baduzu udal ordezkaritzatik apartekoa.

Bai, bai. Batetik bestera korrika ibiltzea tokatzen zait sarritan, baina lehentasunak zehaztea da kontua.

Etxeko lanak gutxienez partekatuko dituzu, ezta?

Bai, jakina; senarrari tokatzen zaizkio gehiago. Egoki antolatzea da kontua.

Donostiarra sortzez eta Bergarara mugitu zinen orain dela 20 urte. Amodioa, lana… zerk ekarri zituen?

Tira… Bergaran ezkondu nintzen eta bai neu mugitu nintzen azkenean. Donostiako bulego batean nenbilen eta alabak hazita zeudenez, eta senarrak orduko Maycen lan egiten zuenez, ni etorri nintzen. Egia esateko ondo joan zait.

Donostiara joaten segituko duzu, baina?

Bai, astebururo joaten naiz ama bisitatzera.

Hori, eta zerbait faltan botako duzula, ezta?

Bergarak ere badauka bere xarma, ez pentsa! Etorri nintzenean ordulaurdenero eta orduerdiro entzuten den kanpai hotsez maitemindu nintzen. Izugarri gustatzen zaizkit! Jakina Donostia Donostia da, baina leku bakoitzak berea dauka.

Bizitzeko, agian, erosoago Bergara?

Lasaitasun gehiago dago, bai.

Aizu eta, aholku emailea zara ala jasotzea gustukoa duzu?

Atsegin ditut aholkuak eta, ez dakidana galdetzeko zale ere banaiz. Udaletxean bertan ere beste taldeetako zinegotziengana sarritan jotzen dut; ez dakizuna galdetzeko dago!

Hauteskunde zerrendak irekiak balira, jende gehiago animatuko litzateke udal politikagintzan?

Zerrenda irekiek botoa askeagoa izatea ekarriko luke, ze, gaur egun, botoa pertsona bati eman nahi badiozu ere, derrigortuta zaude zerrenda zehatz horren alde bozkatzera, eta baliteke gainerako zerrendakideen artean gustukoren bat ez izatea...

Aisialdian zer egitea duzu gustukoen?

Zinera joatea, baita lagunekin txokoan biltzea ere.

Nork aukeratzen du filma?

Nik, nik aukeratzen dut.

Kasu egiten diezu komunikabideei? Jarraitzen dituzu?

Aldioro kontsultatzen ditut medioak, asko gustatzen zait. Goizeko 8etan Radio Euskadi, 10:00etan musika klasikoa eta 13:00etatik aurrera Radio Nacional jartzen dut, Euskadiko albisteen tartea entzuteko. Bazkaltzeko orduan, etxean, Cuatroko tertulia eta albisteak ikusten ditut. 21:30ean, berriz Goiena telebista ikusten dut, herriko albisteak jarraitzeko eta segindan ETB2 jartzen dut eguraldiaren tartea ikusteko.

Eguraldia zalea, beraz!

Obsesioa daukat eguraldiaren tartearekin! Datozen egunetan ze eguraldi egingo duen esango nizuke akatsik gabe! Egunero jarraitzen ditut Ana Urrutia eta Urko Aristi telebistan eta AENETeko Margarita egunkarian.

Aizu, ta, musika klasikorako zaletasuna nondik datorkizu?

Donostian lan egiten nuenean arduradunaren alaba Donostiako Orfeoian ari zen eta haren bitartez piztu zitzaidan zaletasuna.

Euskaraz ikasten ere bazabiltza; nola daramazu?

Ondo esango nuke. 20 urte dela ikasitakoa esnarazten! Udaletxean sartu nintzenean hasi nintzen eta astean bi orduko eskolak ematen dizkidate udaletxean. Ilusioa jartzen diot eta betidanik saiatzen den pertsona naizenez, gustura nabil. Gainera, iloba ere aritzen zait andereño, zuzenketak egiten dizkit etxera datorrenean eta ondo datorkit hori ere, denetik ikasten da!

Opariren bat egin behar izanez gero, ze aukeratuko zenuke liburua ala diskoa?

Pertsonaren arabera; nire ahiztatako bati, edo nire buruari, egiteko bada liburua; baina beste ahizta batekin, adibidez, lurrin batekin asmatuko nuke gehiago.

Ea ba, busti zaitez: 2007an 684 boto, 2011n 627, 2015ean?

Ez dizut esango gehiago edo gutxiago aterako ditugun; esango dizudana da orokorrean alfer samarrak garela eta hori gutxi ez eta, hauteskundeak Bergarako jaiekin batera dira! Hala ere, aurrekoetako emaitza errepikatzen badugu ni pozik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak