Bergarako EAJko alkategai Juan Jesus Alberdik eman dio hasiera ekitaldiari. Adierazi du talde "eraginkorrak sortzen, ilusioz eta lideratzeko asmoz" daudela. Bertan zeuden baita ere Debagoieneko EAJko gainontzeko alkategaiak: Arrrasateko Maria Ubarretxena, Oñatiko Miren Elgarresta, Aretxabaletako Unai Elkoro eta Eskoriatzako Joxe Ramon Zubizarreta.
Gipuzkoako diputatu nagusigai Markel Olanok hartu du hitza Alberdiren ostean, eta azaldu du EAJ Debagoienean lanak txukun egitera datorrela.
Herri estrategiak
Joseba Egibarrek, herri batek bere etorkizuna irabazteko, eta etorkizun horretan asmatzeko, herri estrategiak oso garrantzitsuak direla azpimarratu du, eta EAJk datozen urtetarako daukan erronka lau puntu hauetan laburbildu du.
Hasteko, esan du euren apustu politikoa azpimarratzekoa dela eta apustu politiko horretako zutabeak hauek direla esan du: etika, politika eta demokrazia.
Nola egin politika izango litzateke bigarren atala: "Politika ezin daiteke inposatzen egin, elkarrizketa izan behar du bide, akordioak helburu, eta nik uste dut hori ere badela momentu honetan batzuen eta besteen artean bereizten gaituen puntua politika egiterako garaian", adierazi du.
Azpimarratu duen hirugarren puntua da gizarte honek bere etorkizuna irabaz dezan, jarduera ekonomikoa bultzatu behar dela, gizarte oreka mantenduz eta justizia soziala mantenduz.
Eta laugarren puntuan azaldu du, politikoki herri hau existitzen baldin bada, eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea baldin badu, eskubide hori ere gauzatu egin behar dela.
"Udal hauteskunde garrantzitsuak"
Egibarrek gaineratu du maiatzeko udal hauteskundeak, hauteskunde "garrantzitsuak" izango direla eta EAJren zutabe berriei buruz, hauxe adierazi du: "Etorkizunari begira nik uste dut bakea behin betirako hedatzea eta sendotzea, eta erabakitzeko eskubide hori ere izango direla zutabe berriak".