San Antonioko etxeen eraisketa proiektua, aurrera

Maialen Torres 2015ko ots. 3a, 16:19

Bergaran ez ohiko osoko bilkura izan zuten atzo, eta azken urteetan mahai gainean izandako proiektu batean aurrera pauso nabarmena egiteko tramitea onartu zuten. Izan ere, San Antonio auzoko hainbat etxebizitza zahar botatzeko asmoa aurreko agintaldietatik dator, baina, geratzen diren etxeak botatzeko eskuratu beharreko azken akordioa orain lortu dute.

Urteak daramatza Bergarako Udalak San Antonioko etxebizitzak erosi eta botatzeko proiektuarekin lanean. Orain arte, bigarren eta laugarren atariak eta La Flor eraikina bota dituzte, baina atzo onartu zuten proiektua amaitzeko aukera emango dien azken erosketa. Izan ere, zortzigarren atarian geratzen zen azken solairua erosteko akordioa lortu dute. Hura eskuratuta, gainontzeko etxeak ere bota ahal izango dituzte, "hirigintza aldetik sekulako aurrerakada da", esan du Jaione Isazelaia alkateak.

Horren ostean, ordea, gunea ez dute eraikuntza berri bat egiteko erabiliko. Hala azaldu du Isazelaiak, "gune horretan ezin izango dugu ezer eraiki. Hori bai, aukera egongo litzateke gunea txukundu edo berdegune bihurtzeko. Dena den, gure lehentasuna etxe horiek botatzea da, oso egoera txarrean daudelako".

Etxebizitza horiek botata, bertan sortzen den inbutua konpontzea espero du Udalak. Horrez gain, oinezkoentzako espaloi zabalagoak ere egingo dituzte. Hilaren 11n eskuratuko dituzte zortzigarren atariko eskriturak, eta hurrengo pausoa, eraiste proiektua egingo duen enpresa hautatzea izango da. Proiektua esleitu eta berehala botako dituzte etxeak.

Bidekurutzetako proiektua ere, aurrera

Bidekurutzetako proiektua ere izan zuten hizpide atzo. Izan ere, Udalak plataforma bakarreko kale bihurtu nahi du zati hori. "Oinezkoen eta autoen elkarbizitza bermatzeko, gure nahia da zati horretan autoen pasoa murriztea, eta oinezkoei lehentasuna ematea", azaldu du Isazelaiak. Urbanizazio proiektu honetan, guztira, 757m² eraberrituko dira. Orain arte, oinezkoentzako 214 m² zeuden eta proiektua gauzatutakoan 353m² izango dira. Autoentzako espazioa, aldiz, 543m²-koa da eta obra amaitutakoan 405m²-ra murriztuko da.

Plan estrategikoan jasotako irizpideei jarraituz, alde zaharrean oinezkoen mugikortasuna hobetzea izango da lan horien helburua. Proiektuaren arabera, oinezkoentzako espaloia eta autoentzako errepidea maila berean egongo dira, eta kolore bidez bereiziuko dira.

Osoko bilkura

Bi proiektuetako tramiteek EH Bilduren hamar botoekin egin zuten aurrera, eta EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten. Euren esanetan, Udal gobernuaren lan egiteko moduarekin ez datozelako bat. "Gure ezezkoa Udal gobernuaren formengatik izan da, baina proiektuekin ados gaude", esan du Juan Jesus Alberdi EAJko zinegotziak "izan ere, otsailean gaude eta oraindik ez daukagu 2015eko aurrekontuen susmorik ere. Udalak emandako justifikazioa, gainera sinesgatiza egiten zaigu, esan baitute euren esku ez dagoen informazio baten faltagatik daudela aurrekontuak osatu gabe".

Udal Gobernuak, bere aldetik, argudiatu du bi proiektuak lehenbailehen onartu nahi izan dituztela, herritarren segurtasunari lotuta daudelako. Gaineratu dute, batia ere, aurrekontuak aurki eramango dituztela osoko bilkurara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak