Iturri berberek gehitu dutenez, goizean deklaratu du Madrilgo Audientzia Nazionalean eta "azkenean aske atera da", esan dute. Azaldu dutenez, justizia frantsesak hura atxilotzeko emandako euroagindua egon badago, "baina ez omen dago garbi indarrean dagoen ala ez". Hori horrela, eta egoera argitu bitartean, astero joan beharko du sinatzera Bergarako epaitegira.
Harrerara zihoala atxilotu zuten
Juan Carlos Arriaran Sali atzo, egubakoitza, atxilotu zuen Polizia Nazionalak, justizia frantsesak "terrorismoagatik" 2005ean emandako euroagindua beteta, Barne Ministerioak jakinarazi zuenez. Barne Ministerioaren arabera, Sali-k 1982an alde egin zuen Mugarra taldea desegin ondoren. Bi urte geroago, Frantziak Panamara kanporatu zuen eta 1990ean Venezuelara estraditatu zuten.
30 urtez jaioterritik kanpo egon ondoren, atzo, egubakoitza, Bergaran egitekoak ziren harreraren aurretik atxilotu zuten, 19:15ean. Hain zuzen, etxetik, baserritik, atera zenean harrerara joateko.
Hori horrela, gaur, zapatua, egingo diote harrera, 20:00etan, Bergarako Irala kalean.