Bergarako EH Bilduko lagun ugari elkartu dira, gaur eguerdian, Zabalotegi aretoan. Telesforo Monzon (1904-1981) herrikidearen omenezko ekitaldia egin dute.
Ordubeteko saioa izan da non gogora ekarri dituzten haren ibilbidea eta mezua. Eta aldarrikatu dute inoiz baino indartsuago bizirik dirauen mezua dela.
Amaiur alderdiko diputatu bergarar Maite Aristegik gidatu du saioa, eta Bergarako trikitilarien zein Osintxuko Musiraka dantza taldeko kideen emanaldiekin jantzi dute ekitaldia. Lore eskaintza ereegin diote Monzonen irudiari. Aurretik, argazkiekin eta ahots grabazio batekin ekarri dute gogora nor izan zen.
Bizirik dirauen mezua
Badira 33 urte Telesforo Monzon hil zela. Hala ere, herriaren premiak berdinak direla azpimarratu du Maite Aristegik gaurko ekitaldian: euskara, langileriaren borroka, gatazka politikoa, erabakitzeko eskubidea, ingurumenarekiko errespetua...
"Euskaldunak ez du bere arima saldu nahi", entzun dugu ekitaldian Monzonen ahotsa jasotzen duen grabazio batean. "Atzo, Elgetan, Soiuben, Artxandan... gaur eskumuturrak loturik, baina bihotzak libro (...) Izan ala ez izan. Bizi ala hil. Horra zertan den gure herria", zioen Monzonek.
Kontrasteetako gizona izan zela azaldu du Aristegik ekitaldian. Familia aberatseko semea, aristokrataren makilarekin jaio zela azaldu du, baina jakin zuela baserritarren txapela janzten. Monzonek ibilbide luzea egin zuen Euzko Alderdi Jeltzalean. Ministroa izan zen lehenengo Eusko Jaurlaritzan, eta denbora luzea egin zuen erbestean, Frantzian. "Bizitzako azken urteetan, ordea, asko gerturatu zen langileen borrokara, eta Herri Batasunaren sorreran izan zen", azaldu du Aristegik.
Eusko Gudariak abestuz amaitu dute gaurko ekitaldia, baina aurretik azken hilabeteotan Bergaran jasotako irudiekin egindako ikus-entzunezkoa erakutsi dute Zabalotegin: herriko presoei eta errefuxiatuei egindako ongi-etorrietako batzuk, Gure Esku Dago ekitaldiko uneak, joandakoen omenezko irudiak...
Candy-ko langileekin bat
Telesforo Monzonen omenezko ekitaldian gogoan izan dituzte Candy-Hoover enpresako langileak. "Monzonek, azken urteetan, oso barneratuta zeukan langileriaren mina eta gaur, sekula baino gehiago herrian daukagu arazo hori. Candy da, beste hainbat enpresa dira...", esan du Aristegik. "Egoera triste honi irauli bat emateko erantzuna elkartzea, herri moduan borroka egitea, eta burujabetza dira. Hori barik nekez lortuko dugu aurrera egitea".