Kanikrosa izan zen korrikalari gehien batu zituen modalitatea eta Felipe Larrazabal nafarra izan zen gizonezkoetan bi egunetan azkarrena; emakume azkarrena Leire Fernandez izan zen. Fernandezek gainera hilabete barru Frantzian jokatuko den Europako txapelketan parte hartuko du eta Gorlakoa "entrenamendu" bezala erabili zuen. Proba gogor hasi zuen Fernandezek eta ibilbide osoan zehar martxari eutsita erraz irabazi zuen, hurrengo emakumeari ia hamar minutura utzita. Larrazabali ostera gehiago kosta zitzaion garaipena lortzea; lasterketako kilometro gehienak hiru korrikalariko taldean egin zituzten eta azken metroetan estutu ostean lortu zuen lehenengo postua.
Zapatuan federatuen txanda izan bazen; domekan herri mailako kirolariek ere hartu zuten parte lasterketan eta ikusle gehiago gerturatu ziren Gorlara.
Federatuak eta herri kirolariak
Zapatu arratsaldean jokatu zuten lehenengo txanda federatuek, bost kilometroko zirkuitua egin zuten lau modalitatetan. Txakur-krosa, bi txakurrek tiratutako patinak, txakur batek tiratutako bizikleta eta lau txakurrek gidatutako gurdia. Eguraldia kaskartzera zioala zirudien arren, korrikalari eta txakurrak ondo moldatu ziren Gorlako pistetan zehar.
Domekan ostera, federatuak eta herri kirolariak lehiatu ziren, 7,5 kilometroko ibilbidean. Txakur-kroseko parte hartzaileak izan ziren korritzen azkenak eta ordurako Gorlan ikusle nahikotxo batu ziren animoak emateko prest. Larrazabal eta Fernandez federatuetan irabazleak izan baziren, herri lasterketako azkarrenak Gaizka Aretzaga eta Aida Males izan ziren; lehenak 28:43ko denbora egin zuen eta bigarrenak 33:41eko denbora. Bergarar azkarrena ostera, Fernando Cobos izan zen.
Mushing-a indartzeko lanean
Antolatzaileek pozik amaitu zuten asteburua, giro ezin hobean ikuskizuna eman zutelako kirolari eta txakurrek eta iaz baino jende gehiagok parte hartu zuelako. Aurtengoan Burgosetik, Asturiasetik eta Aragoitik jendea etorri dela azpimarratu zuten eta pixkanaka kirol probari indarra ematea helburu dutela gaineratu zuten.
Ibilbidea aldatu dute aurtengo ediziorako eta korrikalarien ustetan antolatzaileek asmatu egin dute; izan ere, asfalto gutxiago dago ibilbidean eta hori txakurrentzat positiboagoa dela esan zuten.
Beraz antolatzaileak indarrez amaitu dute aurtengo Gorlako mushing txapelketa eta kirol mota hau gurean indarra har dezan jarraituko dutela argitu dute. Izan ere kostalde inguruan afizio gehiago dagoela argitu zuten, baina pixkanaka bada ere gurera heltzen ari den diziplina dela gainera zuten.