Jakiundek bost kide berri izendatu ditu

Maialen Torres 2014ko aza. 14a, 15:34

Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako kideak Bergaran bildu dira gaur, bost kide berri izendatzeko. Antropologiaren alorrean diharduen Maria Teresa del Vallek, Concepcion De la Rua biologoak, botanikan aditua den Maria Teresa Telleriak eta Itziar Laka eta Ibon Sarasola hizkuntzalariek jaso dute kide bihurtzeko izendapena. [BIOGRAFIAK]

Akademiaren egituraketaren erakusle da kide berrien diziplina aniztasuna eta horixe nabarmendu dute eurek ere. “Askotan akademiko eta zientzialari bakoitza bere munduan egon ohi da, eta ingurukoekin soilik erlazionatzen da. Jakiunden oso interesgarria den arlo ezberdinetako begirada bat dagoela uste dut, munduaren ikuspegia aberasten duena”, dio De la Ruak.

Bestalde, Akademiak domina bana eta ohorezko kide titulua UNED-eko errektore ohia den Juan Gimeno eta Nafarroako Unibertsitateko errektore ohia den Angel J. Gómez Montoro jakitunei eskaini die “Jakiunderen alde hasiera-hasieratik burututako lana eta jakitun izandako garaian izandako inplikazioagatik” eta “erakutsitako atxikimenduagatik”.

Jesus Mari Ugalde akademiako presidenteak eman dio hasiera ekitaldiari, eta bere hitzaldian, Bergarako Lazpiur enpresa izan du ardatz. Enpresaren bidean ezagutzak izandako garrantzia azpimarratu du Ugaldek, eta esan du haren arrakasta berrikuntzari lotua izan dela beti. Azaldu du, baita ere, beste kasu batzuetan ez bezala, Lazpiurren emaitza onak berrikuntzaren eta lanaren arteko orekatik datozela.

Jose Luis Larreak hartu du hitza gero, eta hark ere, berrikuntzaren ildotik jarraituz, lanaren garrantzia nabarmendu nahi izan du. Berrikuntzaren ekosistema osatzen duten gainontzeko gakoak honakoak dira Larrearen ustez: balioak, teknologia, ezagutza, denboraren gestioa, kooperazioa eta lidergo kooperatiboa. Gainera, aldarrikatu du jakintsuen ahotsak gizartean entzun daitezen, ozen hitz egiten ausartu behar dutela, azalkeriari aurre egiteko. De la Ruak esan du egungo gizartean uneak eta bat-batekotasunak dutela garrantzia, baina “guk dedikazio gehiago eskaini behar izaten diegu gauzei, eta hortik sortzen diren ondorioak gizarteari erakustea beharrezkoa da”. Sarasola ere bat dator biologoarekin, “gehiago ausartu behar gara, baina era antolatu batean”, dio hizkuntzalariak, eta jakitunen ahotsaren gizarteratzea etorkizuneko erronka gisa ikusten du.

Horren ostean, Akademiaren ekimenak izan dituzte hizpide. Besteak beste,  hemendik gutxira abian jarriko den “Jakin mina” egitasmoaren edizio berria, eta aurten martxan jarritako  “Krisiak 2014”. Hain zuzen horixe aipatu du De la Ruak Jakiundek gizarteari egiten dizkion ekarpenen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak