Egubakoitz iluntzean egindako ekitaldian hartu zuten parte MUko errektore ohi Xabier Retegik, UNEDeko errektore Alejandro Tianak, UNED-Bergarako zuzendari Iñaki Esparzak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Martin Garitanok, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Itziar Alkortak eta Bergarako alkate Jaione Isazelaia
Retegi: "Jendea oso ondo prestatuta dago, baina oso gutxi aprobetxatzen da"
Atzoko ekitaldiaren hasieran MUko errektore ohi Xabier Retegik hitzaldi luzea eta sakona eskaini zuen, Gizartea bidegurutzean izenburupean. Besteak beste, erabaki txarrena erabakirik ez hartzea dela esan zuen, okerrena geldi geratzea dela: "Gure bideak hartu behar ditugu, guk landuta, gure herria aurrera ateratzeko. Herri honen indarra dago bertako jendean. Izan ere, jendea oso ondo prestatuta dago, baina oso gutxi aprobetxatzen da. Gure erakundeek aldaketa bat behar dute gure bidea egiten jar gaitezen. Gure proiektuekin munduan zehar lehiakorrak izatea behar dugu; hori horrela ez bada, multinazionalek markatzen duten bidetik joango gara. Eta hori ez da guretako bide ona".
Garitano: "Formakuntzan ez badugu apustu egiten ez gara zulotik aterako"
Gipuzkoako Ahaldun Nagusi eta Patronatuko zuzendari Martin Garitanok nabarmendu zuen "albiste pozgarria" dela "krisi latz" honetan herritarrek formakuntzarako ilusioa izatea: "Formakuntzan eta berrikuntzan ez badugu apustu egiten ez gara zulotik aterako. UNED-Bergarak unibertsitate arrunt batera joan ezin direnei formakuntza pertsonala eskaintzen die eta hori oso garrantzitsua da". Era berean, permutak onura garrantzitsuak ekarriko dituela gaineratu zuen Garitanok: "Bergararrona zen etxe bat bergararrona izango da. Guztion onerako izango da".
Esparza: "Batzuendako ez dago beste aukerarik; edo UNED, edo ez dago ezer ez"
UNED-Bergarako zuzendariak, Iñaki Esparzak, orain arteko ereduak berrazterketa bat behar duela nabarmendu zuen eta UNED-Bergararen beharra aldarrikatu: "UNED-Bergarak ezinbesteko papera jokatzen du. Pertsona batzuendako ez dago beste aukerarik. Edo UNED, edo ez dago ezer ez". Horrez gain, permutaren abantailen gainean ere egin zion berba GOIENAri: "Permuta ez da bakarrik tokiz aldatzea, permutak esan gura du gure eskuetan oso tresna indartsu bat jartzen dela eta ondo kudeatu behar dugula. Egoitza berrira egokitu beharko gara eta horren arabera, gure baliabideak berrorientatu".
Amaieran ikasketak iaz amaitu zituztenei ziurtagiriak banatu –28 ikasle zeuden agiria jasotzera deituta– zitzaizkien eta Bergara Musika Eskolako soka instrumentuen ikasleek emanaldi labur bat eskaini zuten.