Bakarrik bizi diren nagusien premien azterketa egin du Bergarako Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko urr. 1a, 18:00

Bergarako Udalak bakarrik bizi diren pertsona nagusien gizarte premiak aztertzeko egindako lanaren emaitzak aurkeztu ditu. Suteak ekiditeko detektagailuak jartzeko programa aprobetxatu dute pertsona nagusien beharrak eta premiak zeintzuk diren jakiteko. 342 etxebizitzetan izan dira gizarte zerbitzuetako langileak, eta balorazio positiboa egin dute.

82 urte beteta dituzten eta bakarrik bizi diren, edo 82 urte beteta izan arren 65 urte baino gehiago duen beste norbaitekin bizi diren nagusiekin lan egin dute. Bergarako Udalak ke detektagailuak jartzeko programa martxan jarri zuen urte hasieran Atiempo enpresarekin elkarlanean; eta, hain zuzen aukera hori aprobetxatu dute kolektibo horri zuzendutako beharrak eta premiak zeintzuk diren detektatzeko. Atiempo enpresak apirilaren 14tik ekainaren 12ra bitartean egin ditu lanok.

Erroldaren arabera, 476 etxebizitza bisitatu behar zituzten; baina, azkenean, zerbitzua jaso dutenak 342 etxebizitza izan dira, % 72a.

Sute arriskuak baloratzerakoan, orokorrean, egoera ona dela ondorioztatu dute. Hau da, etxebizitza horietan ez dute aparteko sute arriskurik ikusi. Arriskuak, beste etxe batzuetan dauden berak direla adierazi du Xabier Legorburu gizarte zerbitzuetako arduradunak.

342 etxebizitza horietan 397 ke detektagailu jarri dituzte. Gainera, etxe guztietako krokisa egin, autobabeserako manualak banatu eta segurtasun pauta partikularrak eman dituzte.

Horrez gain, etxebizitza horietan premia sozialen azterketa bat egin da.

Gizarte zerbitzuetan premia berezien beharra ere antzeman dute: konpainia beharra, bainugelak egokitzea eta etxeetan igogailuak jartzea, besteak beste. Datu hauek eskura izanda, gizarte zerbitzuen hurrengo urratsa premia hauek adierazi duten herritarrengana jotzea izango da. Udalaren asmoa, aurten bertan proiektu honekin aurrera egitea da. Horretarako, La Caixak 6000 euroko diru-laguntza emango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak