Parrillan erretako barazki eta okela usainak bergarar ugari erakarri zituen atzo baserritar azokara. Ikasturteko hasiera aitzaki hartuta, oporretatik bueltan indartsu hasi da Azoka Bergaratzen ekimena, parrilladaz gain, haurrentzako gunea ere prestatu baitzuten, azoka eta bertako produktuak erakargarriago egiteko. Bagarako kide den Andoni Larrañagak azaldu zuenez, “azokari bizia emateko prozesua hasi genuenetik, beti eskaini nahi izan ditugu ekintza osagarriak. Aurretik pintxo dastaketak ere izan ditugu, eta badirudi gaurkoan ere asmatu dugula”. Gainera, parrilladak bati baino gehiagori barazkiak beste modu batera jan daitezkeela frogatuko dio, Elkoro baserriko Ane Gorosabelen arabera. “Barazkietan pentsatzen dugunean beti pure gisan irudikatzen ditugu, eta ez zaigu plantxan egi daitezkeela bururatzen”, dio Gorosabelek.
Dena den, parrilladagatik bakarrik ez, erosle askok dagoeneko ohitura hartua du azokara gerturatzeko. Izan ere, gero eta gehiago dira bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzen dituztenak, eta pixkanaka herrian egonkortuz doan joera da.
Baserritar batzuek dagoeneko azoka askotan saldu dituzte euren baratzetako produktuak, baina erosleak gerturatuz doazen bezala, saltzaileak ere pixkanaka animatzen ari dira baserritar azokara. Agarre baserriko Unai Olabarriak, adibidez, lehenengoz saldu zituen atzo bere baratzako barazkiak azokan, eta oso gustura agertu zen jasotako erantzun onarekin.
Bergarako azoka, beraz, pixkanaka berpizten ari da, baina oraindik ere asko dago egiteko eta lanean jarraitzeko borondaterik ez da falta. Zubikua baserriko Emeterio Elkoroberezibarrek, adibidez, azokan bertan taberna bat edota bestelako negozioak jartzea proposatzen du “hemen oso leku ona daukagu, eta, gu behintzat, parte hartzeko eta laguntzeko prest gaude”, dio.