Baikorrak izan nahi dute Bergarako Arcelor Mitalleko langileek

Irati Goitia 2014ko ira. 3a, 15:02

Arcelor Mittal enpresaren Zumarragako lantegia ixteak eragin zuzena izango luke Bergaran. Izan ere, 2009an Bergarako fabrikako hainbat langile bertara lekualdatu zituzten eta Bergarako produkzioa aurrera ateratzeko Zumarragako plantatik ekartzen dute burdina. Atzo batu ziren Bergarako fabrikako komiteko kideak zuzendaritzarekin informazioa lehen eskutik jasotzeko.

Zumarragan dagoen Arcelor Mittal enpresaren fabrika egoera kezkagarrian dagoela jakin genuen joan den astean eta ez dela baztertzen enpresa aldi baterako ixtea. Izan ere, Zumarragako plantak galera handiak pilatu ditu merkatuko ahultasunaren eta kostu energetiko altuen ondorioz, enpresako zuzendaritzatik adierazi dutenez. Hala, Zumarragako lantegiaren jarraipena bermatzeko, hainbat aukera aztertzen dabiltzala  jakinarazi dute zuzendaritzatik.

Bergaran eragina

Bada, Zumarragako lantegiaren egoerak eragin zuzena izango luke Bergaran. "Hemengo langile batzuk hara joanda daude eta Bergarako lantegian ekoizten dugun %80 inguru hango burdinarekin egiten da", adierazi du Jose Luis Loidi, Arcelor Mittalek Bergaran duen fabrikako komiteko kideak.

Hain zuzen, 2009ko irailean, Bergarako lantegiko altzairu saila itxi zenean, lekualdatu zituzten bertako langile batzuk, 65 inguru, Zumarragara. Egun, 31 dira han lanean ari diren Bergarako langileak. Izan ere, hainbat Zumarragako lantegiko kide izatera pasa dira. Baina urriaren 1ean Zumarragako fabrika itxiz gero, zer gertatuko litzateke Bergarako lantaldeko kide horiez? "Lekualdatutako langileen egoera zehaztuta dago hara joan zirenean sinatu zen agiri batean. Bertan zehazten da joandako lantegian enplegu erregulazio espedientea ezarriko balitz, hona itzuliko zirela", azaldu du Loidik.

Hori arazo bilakatu daiteke, ordea. Izan ere, Bergarako lantegiak ez luke langile horiek guztiak hartzeko gaitasuna izango. Eta akaso, Bergaran ere enplegu erregulazio espedientea ezarri beharko lukete.

Plana

Loidik esan du zuzendaritzarik adierazi dietela lanean ari direla itxiera hori gauzatu ez dadin, eta beraz, esperantza dute. "Baikorrak izan nahi dugu eta beraiek esan diguten bezala urriaren 1ean Zumarragako fabrika ez dela geldituko pentsatu".

Atzo batzarra egin zuten Bergarako lantegiko komiteko kideek eta zuzendaritzakoek. Bertan zuzendaritzako kideek langileei adierazi zieten plan bat prestatzen dabiltzala Zumarragako itxiera hori gauzatu ez dadin. Plan horrek hiru oinarri izango lituzke: produktibitatea igotzea, kalitatea hobetzea eta langileen malgutasuna.

Bergarako lantegiaren gainean Arcelor Mittaleko zuzendaritzarekin harremanetan jarri guran, komunikazio sailetik adierazi duten bakarra izan da normal dabilela lanean.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak