Alokairu soziala bultzatzeko programa abiatu dute Bergaran

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko uzt. 22a, 14:15

Gaur egun Eusko Jaurlaritzak bi laguntza programa ditu hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzeko: Bizigune eta Asap programak. Eta Udalak horiek osatzeko beste modalitate bat jarriko du martxan. Helburua da etxebizitza hutsak merkatura ateratzea.

Bergaran etxebizitza huts ugari daude eta arazo horri aurre egin nahian, duela urtebete %150eko errekargua ezarri zieten etxebizitza hutsei. Modu horretara, etxebizitza hutsak merkatura ateratzea nahi izan zen.

Horren osagarri bezala, orain alokairu soziala bultzatzeko programa abiatu dute udaletik, Suradesarekin elkarlanean. Hauexek dira programa horren helburu nagusiak: "Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea, herritarrei bermatzea etxebizitza eskubidea eta etxebizitza horiek merkaturatzeko bizigarritasun baldintzak betetzeko obra batzuk egitea", azaldu du Jaione Isazelaia alkateak.

Alokairu soziala bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak gaur egun bi programa ditu martxan: Bizigune eta Asap izenekoak. Horien osagarri izango dena abiatu du orain udalak.

Bizigune programa

Bizigunetik laguntza hauek eskaintzen dituzte: efizientzia energetikoaren ziurtagiria lortzeko diru laguntza, obren tasetan %50ekoaren hobaria herriko komertzioetan gastatzeko bonoetan eta obrak egiteko interesik gabeko kreditua.

Asap programa

Asap izeneko programaren bitartez, berriz, kontratuak agentzia bitartez egiten dira eta hauek dira eskaintzen dituzten laguntzak: efizientzia energetikoaren ziurtagiria lortzeko diru laguntza eta obren tasetan %50aren hobaria bonotan.

Udaletik bideratuko den modalitatea

Eta udaletik bideratutako azken modalitateak, berriz, Asap programak dituen laguntza horiez gain, beste hiru laguntza hauek ere eskaintzen ditu: etxea udal webgunean iragartzeko laguntza, arrisku primak kontratatzeko diru laguntza eta kontratua egiteko laguntza.

Udalekoa, "malguagoa"

Gainera, Eusko Jaurlaritzak dituen beste bi programak baino "malguagoa" da udaletik bideratutakoa, alkatearen esanetan. "Ez dauka horrenbesteko loturarik maizterrak aukeratzeko momentuan edo alkilatzea nahi den urte kopuruan", adierazi du. Izan ere, udalaren programan hiru urtez hartu beharko da parte gutxienez, eta beste bi programetan parte hartzeko gutxieneko urte kopurua handiagoa da.

Programa pilotua da udalak abiatu duena eta 100.000 euroko partida bideratu du bertara. Programa horretan parte hartzen duten etxejabeek gainera, ezin izango dute, 400 euro baino gehiago kobratu hilabete bakoitzean.

Hemen duzue informazio gehiago.

EAJ ordenantzaren kontra

Gaur eguerdian eman dituzte Bergaran alokairu soziala bultzatzeko laguntzen programaren xehetasunak, baina atzo, astelehena, egindako ez ohiko osoko bilkuran onartu zuten horri buruzko ordenantza.

Bilduren aldeko botoekin onartu zuten ordenantza. Sozialistak ez ziren ez ohiko osoko bilkuran izan eta EAJkoek kontra bozkatu zuten.

Oposizioak kontra bozkatu izanaren arrazoiak hauek direla argudiatu zituen EAJko zinegotzi Ander Alberdik: "Guk pentsatzen dugu orain dela urte askotatik Eusko Jaurlaritzak badituela beste programa batzuk funtzionatzen dutenak modu egokian edo ez egokian. Bizigune eta Asap daude eta guretzako zerbitzuen eskaintza bikoizten da programa berriarekin. Gainera, nire ustez da justifikazio bat non gastatzen duten bergararrei kobratutako etxebizitzen %150eko errekargua, etxebizitza hutsengatik edo inor erroldatuta ez dagoenengatik". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak