Plataformakoen esanetan, alkateak kolaborazioa eskatu die bergararrei herri garbiagoa izateko. Hori "helburu txalogarria" dela uste dute eta "bergarar guztiek, salbuespenik gabe, nahi dutena". Baina pentsatzen dute "gizatalde bati kolaborazioa eskatzeko, eskatzaileak, behintzat, horretarako legitimitatea" izan behar duela. Gehitzen dutenez, legitimitate hori "ez da erosten, irabazi baizik, erabakietan jokabide demokratikoa erakutsita. Eta horretan, Bildu-Aralarren Gobernu taldea ez da ezer positiboren erakusle, kontrakoa baizik". Eta gehitzen dute: "Herri kontsultan hondakinak batzeko euren sistema politikoaren kontrako erabateko jarrera erakutsi duten herritarrei sistema hori bera inposatzen dion Udala ez dago legitimatuta herritar horiei ezer eskatzeko".
Diotenez, "sarri" salatu dute herria "nahi beste garbi" ez ikustea, eta gehitu dutenez, "modu masiboan pegatinak eta pankartak jartzearen kontra" azaldu dira: "Gehienak, Gobernu taldearen ingurukoak, eta, gainera, herria apaintzen lagatzen dituzte denborarekin apurtu eta ingurunea kontaminatu arte", diote. Eta azpimarratu dute "agintari horiek sekula" ez dietela jaramonik egin euren salaketei.
Amaitzeko, Udalak kanpaina berean egindako ideia eskariari erreferentzia eginez, zera diote: "Egin dezakegun ekarpen nagusia da etxean predika egizuela, zuen lerroen artean, eta Bergara askoz garbiago egongo da".