Sortu, LAB eta Ernaiko ordezkariekin gai ekonomiko eta sozialez aritu ziren mahainguruan atzo, eguaztena, Bergaran. Krisia eta gaurkotasuneko gaiak izan zituzten berbagai Irizar Jauregian.
Ekonomia kontuak
Esaterako, LABeko Asier Imazek azaldu zuen Euskal Herria bidegurutze batean dagoela eta horren ardatz ekonomikoan bi aukera daudela: Espainiatik datorren Nazioarteko Moneta Funtsaren ziklo ekonomikoarekin jarraitzea edota bide propio bat eraikitzea. Borroka eta antolakuntza oinarri duen bide propioa eraikitzea, herriari benetan eskaintza bat egin ahal izateko oinarri izango dituen herriaren aberastasun banaketarekin eta enpleguaren banaketarekin. Imazek adierazi zuen, hain zuzen, bide propioaren aukera egin daitekeela.
Kutxabank hizpide
Sortuko kide den Marian Beitialarrangoitiak, berriz, Kutxabankekin gertatzen ari denari buruz hitz egin zuen, besteak beste. Azaldu zuen kutxen ildo estrategikoa "kasta berri baten esku" utzi nahi dela, "inolako ordezkaritzaren baitan aukeratua izango ez den ordezkaritza baten esku" utzi nahi dutela, eta gaineratu zuen hori "onartezina" dela.
Horren aurrean azaldu zuen eurek uste dutela diruak erakunde publikoen esku jarraitu behar duela eta ez dagoela inolako motiborik esku pribatuetan uzteko.
Gazteen lan prekarietatea
Bestalde, gazteen lan prekarietatea ere izan zuten berbagai mahai-inguruan. Ernaiko Gotzon Elizburuk adierazi zuen gaur egun gazteak orokorrean hiru egoeratan bizi direla: etorkizunik ez duten gazte ikasleak daudela, batetik; bestetik, langabezian daudenak eta ondorioz migratzera edo lan prekarioak egitera behartuta daudenak daudela; eta azkenik, baldintza oso kaskarretan lanean ari direnak kokatzen direla. Etorkizuna "beltz" ikusten duela adierazi zuen Elizburuk baina gaineratu zuen "borrokatuz" helburuak lor daitezkeela.
Bestelako gaiak ere izan zituzten berbagai mahai-inguruan, Abiadura Handiko Trena edota Fagor, esaterako. Entzuleek arretaz entzun zituzten hizlariek esandakoak.