Iñigo Alberdi: "Orkestra on eta bereziaren irudia dauka Euskadikoak"

Eneko Azkarate 2014ko eka. 27a, 10:00

Zortzi urteren ostean, uztail amaieran utziko du Iñigo Alberdik (Soraluze, 1973) Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi kargua. Kutxara itzuliko da musikaria, EOSen egindako lanarekin "gustura".

Zortzi urte nahikoa dira?
Bai. Urtarrilean iragarri nien Kultura sailekoei zortzi urte nahikoa zela eta helburuak betetzat ematen nituela. Erreleboa ona zela. Uste dut une egokian noala.

Oraintsu egon zarete Aita Menni ospitalean. Zer moduz?
Zortzi urtetan hiru bider egon gara. Zerbitzu publiko bat gara, herrigintzako tresna bat. Hala ulertzen dut nik. Bestalde, badira kolektibo batzuk ezintasunak dituztenak kontzertuetara-eta erortzeko eta horien premiak neurri baten asetzen saiatzen gara haiengana gerturatuz. Aita Menni da horrelako kasu bat. Oso harrera ona egiten digute.

Lehenago ere etorri zarete gure eskualdera. Aurten, esaterako, Bergaran izan zarete. Zer moduz Udal Pilotalekuko esperientzia?
Azkenaldian bi bider izan gara Bergaran. Lehena, Musika Eskolaren 25. urteurrenean. Eta aurten Miguel Gonzalez Bastidaren omenez, iaz hil zen-eta. Egia da frontoia izateko oso ondo entzuten zela. Bestalde, musikariak harrituta geratu ziren, aretoa lepo zegoela-eta.

Arrasaten, Bergaran, Oñatin… Orkestraren marka bihurtu da, zure agintaldian, herrietara joatea eta euskal konpositoreen obrak ere interpretatzea.
Bai. Diodana, Orkestra, kalitatezkoa izatea da helburua, baina, bestetik, herriak bere sentitu behar du. Horretarako oso garrantzitsua da herrietara gerturatzea. Denboraldi bakoitzean, hiruzpalau bider joaten gara herrietara. Orkestra Herrietan zikloa sortu dugu horretarako. Saiatzen gara herri horretako musikariren baten lana interpretatzen edo efemeride batekin lotzen…

Ken 7 taldearekin edo Pirritx eta Porrotx, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbiorekin, Donostiako Orfeoiarekin… batera, hainbat kolaborazio egin dituzue. Ildo horretatik doaz horiek ere?
Bai, kasu honetan, Klasik At zikloa sortu dugu eta izenak esaten duen moduan, Orkestraren ohiko erregistrotik harago joan nahi dugu ziklo honekin. Hainbat kolaborazio egin ditugu, aipatutakoez gain, Kepa Junkera eta beste batzuekin, eta lortu dugu beste ikusleria mota batengana heltzea. Abonuzko kontzertuetara etorriko ez den jendearengana. Honekin guztiarekin lortzen dugu Euskadiko Orkestra Sinfonikoko izatea hobea, ezagunagoa, jarraituagoa…

Zelako harremana sortzen da artisten artean?
Oso polita eta lehen entsegua izaten da aurreneko zita bezalakoa. Ustekabe uneak izaten dira. Orkestrako musikariei asko gustatzen zaizkie halako esperientziak. Musika, erregistroa, jotzeko modua, jarrera…, dena da ezberdina. Publikoarekin ere berotasun edo energia ezberdina sortzen da.

Herriarendako egin nahi izan duzu orkestra?
Orkestraren helburua, sorreratik, izan da euskal musikariekin aritzea eta euskal konpositoreei irteera ematea eta baita Euskal Herriaren enbaxadore izatea munduan.

Enbaxadore ona da?
Uste dut baietz. Duela urtebete Prisen, Versaillesen, izan ginen Biarritzeko balletarekin batera. Eta aurten Veneziara goaz, besteak beste, Oreka TX taldearekin batera. Sorozabal, Guridi, Arriaga, Aita Donostia, Aranbarri… euskal konpositore sinfoniko oso ezagunak dira, atzerrian izena dutenak, guk pentsatutakoa baino gehiago. Eta musikari horien enbaxadorea ere bada Orkestra Sinfonikoa. Bestetik, nazioarte mailan ospetsuak diren solista eta konpositoreekin lan egin dugu eta horrek eman dio sona berezia munduan Orkestrari. Irudi on eta bereziko orkestra da gurea, ez hiri batekoa, baizik eta hara eta hona dabilena.

Gaztea da, gainera.
32 urte ditu eta, alde horretatik, gaztea da, baina, gainera, musikarien batez-besteko adina 42 urtekoa da eta hori ere gaztea da. Guztira, 101 lagun gara lan taldean eta, horietatik, 87 dira musikariak. Gainerakoak, 14 bat, bulegoko langileak edo pertsonal teknikoa.

Zergatik uzten duzu?
Penaz noa, ze lan hau asko gustatzen zait. Baina, hasieratik izan dut garbi lanpostu honek iraungitze data daukala. Zortzi urteren eta egindako lanaren ostean, uste dut eman dudala nahikoa.

Ekonomia krisiak, murrizketek…, ez dute zerikusirik erabakian?
Ez. Gainera, halakoak lehenago jasan ditugu. 2006an sartu nintzen Orkestran eta 2008an hasi ginen krisia igartzen.

Zela egin diozue aurre egoera horri?
Lehentasunak markatzen eta buruari eragiten. Gure jardueraren zutabe garrantzitsuenari eutsi diogu. Esfortzuak egin ditugu, baina, betiere, helburuei eutsiz.

Hartu zenuenean baino hobea da orain Orkestra Sinfonikoa?
Musikari dagokionean, hobea eta ezagunagoa izatea izan dira bi helburu nagusiak eta esango nuke lortu dugula.

Egindako zerekin geratu zara gusturen?
Orkestra ezagunagoa egiteko bultzatu ditugun ekimenekin. Aipatu ditudan zikloekin… Bestetik, Andres Orozko Estrada kolonbiarra izan da orain dela gutxira arte gure zuzendaria. Begira non dagoen orain: Londres, Huston eta Franktfurteko orkestrak zuzentzen ari da. Hura izan da Orkestraren gorakada artistiko eta musikalaren erantzule nagusia.

Duela hilabete batzuk entzun zen Bilboko Orkestra eta Euskadikoa bat egitearen komenientziaz. Non geratu da?
Polemika hori ziklikoa da. Orain sortu da, baina baita duela 7 urte ere eta, ze esanik ez, baita Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortu zenean ere. Herri honek daukan maila kultural eta ekonomikoa kontua izanda, onargarria da kalitatezko bi orkestra sinfoniko edukitzea. Bilbokoak historia luzeagoa dauka, baina Euskal Herriak behar du orkestra nazional eta ibiltaria. Bi proiektu desberdin dira, osagarriak.

Euskal musikarien harrobia da EOS?
Hori baino gehiago ere bada, baina bai, harrobi ona da. Musika sinfonikoari dagokionean, Europako herri garatuenetan dagoen moduko egitura bat edukitzea lortu dugu hemen. Goian daukagu orkestra profesional bat, baita Gazte Orkestra ere. Hezkuntzari dagokionean, daukagu Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia; hiru hiriburuetan, musika kontserbatorioak ditugu eta, gero, musika eskolak. Gero eta euskal musikari gazte gehiago sartzen da Orkestran eta horrek erakusten du helburuak betetzen ari direla.

Hasieran, Europa ekialdeko herrialdeetako musikariekin osatu zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
Euskal Herrian tradizio handia egon da kanturako, abesbatzetarako. Ostera, sokazko instrumentuetan, oraintsu arte, ez da egon tradizio handirik, salbuespenak salbuespen —Albina Madinabeitia biolin jotzaile arrasatearra, esate baterako—, eta kontuan izan behar da orkestretan sokazko instrumentuak direla nagusi. Duela 32 urte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortu behar zenean, sokazko instrumentisten tradizioa zegoen tokietatik etorri ziren musikari asko, Europa Ekialdetik, Polonia eta Errumaniatik, batik bat. Musikari horiek klaseak ematen ere hasi ziren eta horrek harrobi bat sortu zuen.

Gaur egun nongoak dira Orkestrako musikari gehienak?
Heren bat, Euskal Herrikoak dira, lurralde guzietakoak; beste heren bat, Espainiakoak, eta, beste heren bat, Frantzia eta Europako beste herrialde batzuetakoak. Espainiako beste orkestra sinfoniko batzuekin konparatzen badugu, Euskadikoa da bertako musikari gehien dituena.

Orkestraren denboraldi berria aurkeztu berri duzue. Nabarmenena, zuzendari artistiko berria duela: Jun Markl?
Zuzendari bat aukeratzeko orduan, bi profiletakoak izan daitezke: batetik, profesionalki ezaguna, eskarmentu handiko eta ibilbide luzekoa. Kasu honetan, profil horri erantzuten diona aukeratu dugu. Alemaniar-japoniarra da Markl. Musikari fina eta EOSekin hainbatean ibili dena. Musikariak ere oso pozik daude. Orkestrari indarra eman dio.

Zela fitxatu duzue?
Gure herria eta orkestra zer diren eta gure proiektua zein den azaldu diogu.

Zein izango da bere zeregina eta ze espero duzue izendapen horrekin?
Urtebete egongo da gurekin. Ez dugu nahi izan epe luzeagorako zuzendari bat fitxatu. Izan ere, neu ere banoa eta hurrengo etorriko denak zer beharko duen ez dakigu. Horregatik ez dugu nahi izan luzerako konpromisorik hartu. Markl, besteak beste, Lyoneko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra izan da. Gehienbat, errepertorio frantziarra eta alemaniarra landu izan du. Hori nabarituko dela uste dut.

Bestelakoan, ze azpimarratuko zenuke denboraldi berritik?
Berrelkartzeak da denboraldi berriko programazioaren leloa. Zerekin berrelkartu? Orkestrak, historian, gertuko izan dituen artistekin, musikariekin… Bestetik, mendeurren batzuk betetzen dira sasoi honetan, besteak beste, Jose Mari Usandizagaren heriotzaren mendeurrena. Ravel, Guridi eta halakoekin batera, musikari nagusietako bat izan zen XIX. mendetik XX. mendera arteko sasoi trantsizioan. Eta, hortaz, Usandizaga oso presente egongo da denboraldi osoan. Eta, gero, Veneziara ere joango gara.

Herrietara etorriko zarete?
Ildo horrekin jarraitzea da asmoa. Ikusi beharko da hurrengo zuzendari nagusiak zer erabakitzen duen.

Zeure ordezkoa aukeratzeko prozesua hasita dago. Noiz izendatuko da zuzendari nagusi berria?
Kultura sailaren kontua da eta aukeratze prozesuan dabiltza. Epe laburrean jakingo dugu. Musika mundua eta kudeaketa uztartzen dituzten zuzendariak izan ditu orain arte Orkestrak. Uste dut ildo beretik joango dela berria ere.

Zu zeu, nora zoaz?
Kutxako langilea nintzen EOSera etorri nintzenean eta Kutxabankera itzuliko naiz, irailaren 1ean, zortzi urtez eszedentzian egon ostean. Une aldakorrak dira Kutxabanken, baina ilusio handiarekin noa, uste dudalako herri honen tresna oso baliagarriak direla kutxa publikoak.

Politikan jardun zenuen sasoi baten, Bergaran kultura zinegotzi izan zinen. Tentaziorik izan duzu politikara itzultzeko?
Nire hautu politikoa agerikoa da. Orain alde profesionalean zentratuta egon naiz. Musika eta herrigintza uztartu ditut, baina, orain, helburua da da Kutxabankera itzultzea: ikasi dudana ematera eta ikasteke geratu zaidana ikastera.

Politikan jarduteko proposamenik jaso duzu?
Komentario ezberdinak eta leku askotatik heldu zaizkit. Batzuk alde profesionalekoak eta beste batzuk politikarekin lotutakoak. Baina, oraingoz, nire helburua da Kutxabankera itzultzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak