Errekalde jauregian ireki dute Bergarako turismo bulego berria

Imanol Gallego 2014ko eka. 16a, 16:41

Bergara ustekabez betetako herria da; kooperatibismoaren eta industriaren bailaran, herriko Gerriko Berdea, Europako Ilustrazioaren topagune izan zen Errege Mintegia, dorretxeak, jauregiak, lorategiak, elizak... Turismoari bultzada berri bat emateko asmoarekin, bulego berria Errekalde jauregian bertan ireki dute, "toki erakargarriago batean dago orain", azaldu du David Zapirain Udaleko turismo teknikariak.

Herriak bisitari ugari jasotzen dituen arren, jende berria erakarri nahi du, "Imsersoko zirkuituan ez ezik, agentzia batzuen ibilbideen parte izan nahi dugu", azpimarratu du Zapirainek.

San Pedroko bisitak

Parrokia berritu eta gero, Turismo Bulegoak martxan jarri zituen San Pedro eliza ezagutzeko bisita gidatuak. Hauek izandako erantzun onaren ostean, bertako abadeak eta Udalak, bisita hauek berreskuratzeko akordioa sinatu dute. Gauzak honela, Turismo Bulegoak Bergararen sorreran horren besteko garrantzia izan zuen parrokiaren sekretuak azalduko dizkie bisitariei.

Bergara hiribildua XIII. mendean sortu zen, Ariznoako San Pedro parrokia dagoen lekuaren inguruan. Gaur egungo tenplua beste eliza zaharrago baten zimenduen gainean eraiki zuten; obrak zeharo garatzeko lau obra-ekinaldi behar izan zituzten, XV. mendearen azken hamarkadetan hasi eta 1620. urtera arte. Dorre barrokoa, Jose Lizardi arkitektoak egin zuen; eta zalantzarik gabe, egin zituen lanetatik onenetarikoa da. Aipagarria da, era berean, eliza barruan dagoen organo erromantiko bikaina, 1889an Stoltz Frères etxeak egindakoa.

Turismo bulegotik azaldu dute, bisita gidatu bat egiteko komenigarria dela aldez aurretik, hitzordua hartzea. Hala ere, hitzordurik gabe, bulegoan bertan bakoitzak bere kabuz bisita egiteko planoa jaso dezake. Eskuorrian gainera, herria ezagutzeko beste ibilbide batzuk ere ageri dira.

Egonaldia luzatzea

Jendeak egun erdiko bisita egiten du, "gure kokalekuagatik erraza da hemen egon eta gero, Oñati edo hiriburuak bisitatzea, hondartza ere oso gertu dugu", argitu du turismo teknikariak.

Herriko merkatariek ere bisitarien joan etorria igartzen duten arren, turismo arduradunen hurrengo erronka egonaldia luzatzean datza, "ordu batzuk igaro beharrean, bisitariek Bergara aste bukaera osoko bisita bat bezala har dezatela nahi dugu" dio Zapirainek.

Plan hau garatzen hasi diren arren, behin betiko museoa erabat bukatua egon arte, ez da guztiz gauzatuko. Proiektu hori gauzatu arte, herriak berak duen ondarea, aberastasuna eta jendea bada aurkikuntza nahikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak