Aintzane Oiarbide: "EAJk Bergara Lanbide Heziketaren erreferente izatearen aldeko apustua egin du"

Miren Arregi Amasorrain 2014ko eka. 11a, 16:03

Bergara Lanbide Heziketan erreferente izatearen garrantzia azpimarratu du Bergarako EAJk. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Miguel Altuna Institutuaren eraikin berriaren obrak lizitatuko dituela iragarri eta aste betera egin dute agerraldia. Esan dutenez, zinegotzi eta parlamentari jeltzaleen eta EAJren zuzendaritzaren urtebeteko lanari esker errealitate bihurtuko da Migel Altuna Institutuaren proiektua. Aintzane Oiarbide udal bozeramaile jeltzalea eta Gipuzku Buru Batzarreko hekuntza saileko arduradun Karlos Ormazabal izan dira agerraldian.

Aintzane Oiarbide jeltzalearen esanetan EAJren helburua da, ekonomia eta industria sustatzeko duten proiektuaren baitan, Bergara lanbide irakaskuntzaren erreferente bilakatzea eta institutu eta euskal enpresarien arteko elkarlan publiko-pribatua sustatzea. "EAJko zinegotzi, parlamentari eta EAJko zuzendaritzak Miguel Altuna Institutuaren proiektuari emandako bultzadari esker bihurtuko da errealitate", Aintzane Oiarbide jeltzalearen esanetan, Candy enpresa inguruan egingo den eta 2015 urte hasieran lizitatuko den eraikin berriaren proiektua. Gogora ekarri du, duela 10 urte Victoriano Gallastegi alkate ohiak eman ziola hasiera gauzatuko den proiektuari.

GBBko hezkuntza saileko arduradun Karlos Ormazabalek gogorarazi du, 2013ko legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan Gipuzkoako EAJk ikastetxea bisitatu zuela Joseba Egibar buru zelarik. Geroztik, haren esanetan, "argi izan dute ikastetxe berria eraikitzea lehentasunezkoa zela".

Oiarbide bozeramaileak gaineratu du, Lehendakari Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzako gidaritza hartu zuenetik Bergarako EAJk "gogoz eta ahaleginez" lan egin duela.

Bergarako EAJren ustez, beharrezkoa zen Gipuzku Buru Batzarraren eta Euskadi Buru Batzarraren inplikazioa eta proiektuak behin betiko bultzada izan zezan, Lorea Bilbao Euskadi Buru Batzarreko hezkuntza arduraduna gonbidatu zuten ikastetxera. Bisita horren ondotik, Oiarbideren esanetan lan sakona egin da EAJko zuzendaritzaren, Garbiñe Mendizabal parlamentari jeltzalearena, hezkuntza sailburuordetzaren eta Bergarako zinegotzi eta alderdiaren artean.

Bestetik, Oiarbidek adierazi du, EAJ etengabeko kontaktuan egon dela Miguel Altuna Institutuarekin eta kolaborazio publiko-pribatuaren ildotik Miguel Altuna Institutuak egindako lana azpimarratu du jeltzaleak.

Aipatutako guztiagatik, duela urte bete ekonomia eta industria sustatzeko sortutako lan taldeak lanean jarraituko duela gaineratu du, eta bergarako jeltzaleen lana ez dela hemen amaitzen, baizik eta esan du, "hau abiapuntua" dela.

Bukatzeko, GBBko burukide Karlos Ormazabalek azpimarratu du Lanbide Heziketak Euskal Herrian eta bereziki Gipuzkoan duen garrantzia. Haren esanetan, "industriaren garrantzia handia da Gipuzkoan" eta lanpostuen %70ak lanbide heziketako titulazioa behar du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak