Bergara Garbiak "isiltasuna" egotzi dio Gobernu Taldeari, eta horrek, gezurtatu

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko mai. 30a, 16:30

Plataformak dio "atez ateko batze sistemaren gaineko informazioa zein datu ekonomikoak zenbait aldiz" eskatu arren ez dutela erantzunik jaso. Gobernu Taldeak, bestalde, ez du ulertzen plataformak hondakin bilketaren inguruko daturik eza argudiatzea, besteak beste, 'www.bergara.net' webgunean aurki daitezkeenean. Horrekin batera, plataforma egiten ari den "desinformazio lana" salatu du.

Atez atekoaren kontrako eta 5. edukiontziaren aldeko Bergara Garbia plataformak Gobernu Taldearen "isiltasuna" salatu du, eguaztenean bidalitako oharrean. Azaldu dutenez, aurreko astean, astelehenean, idatzia aurkeztu zuten udaletxean: "Azken urteetan atez ateko batze sistemaren gaineko informazioa zein datu ekonomikoak eskatu ditugu publikoki zenbait aldiz, baina ez digute erantzun. Hala, aurreko astelehenean idatzia aurkeztu genuen, baina oraindik ez dute erantzun".

Idatzi horretan, besteak beste, atez ateko bilketa sistemak duen kostuaz galdetzen diote Gobernu Taldeari –egin den inbertsioa zein suposatzen duen gastu korrontea–; hondakinak batzeko kamioiek suposatu duten inbertsioaz eta gastuaz; edukiontzien bitartez eta orain atez ateko sistemarekin zenbat hondakin batzen den ere jakin nahi dute; baita zer egiten da sailkatuta jasotzen den zaborrarekin ere; eta beste galdera hau ere luzatzen diote: "Zergatik ez duzue inongo sentsibilizazio kanpainarik egin? Ez ahal duzue uste, herritarrak kontzientziatzea dela?".  

"Kontuak publikoak dira"

Gobernu Taldetik azaldu dutenez, plataformak udaletxean aurkeztutako idatzia, edukia dela eta, Mankomunitatera bideratua izan da, eta horren berri ematen duen jakinarazpena ere bideratu zaio Bergara Garbiari datozen asteetan erakunde horren erantzuna jasoko duela adierazita.

Bestalde, ez dute ulertzen plataformak hondakin bilketaren inguruko daturik eza argudiatzea: "Udal honen jarduna eta kontuak guztiz publikoak eta gardenak dira", diote. Eta gehitu dute: "Hondakin bilketari dagozkion kostuak eta sistema berria martxan jartzeko egindako inbertsioak publikoak dira eta 2013 eta 2014 urteetako aurrekontu proposamenetan eta gastu justifikazioetan aurki daitezke, besteak beste, www.bergara.net webgunean argitaratuta".

Era berean ez dute ulertzen, herritarren artean sentsibilizazio ahaleginik ez egin izana egoztea:  "Udalak eta Mankomunitateak ekimen ugari burutu ditugu hondakinak bereizita botatzearen garrantzia ezagutzera emateko, barneratzeko eta bereizita botatzen irakasteko". Adibide moduan formazio saioak, euskarriak, herriko ikastetxe guztiekin Eskolako Agenda 21en burututako lanketak edota merkatari zein industriako ordezkariekin banan-banan egindako saioak aipatu dituzte. "Salatu nahi dugu Bergara Garbia egiten ari den desinformazio lana, herritarrak hondakinak poltsetan bereizita lurrean uztera gonbidatuta eta, ondorioz, horiek guztiak errefusa bezala bideratuak izatera behartuta", diote Udal gobernutik.

Tratamendua, Aldundiak

Hondakinek batu ostean jasotzen duten tratamenduari dagokionez, horretaz Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen dela azpimarratu dute Gobernu Taldetik eta hori ere "informazio publikoa" dela, gehitu dute Udal gobernutik: "Besteak beste, www.ghk.info orrialdean edonork kontsulta dezake", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak