Egun osoko bisita egiten, Bergaran izan dira Martin Garitano, Gipuzkoako diputatu nagusia, eta Foru Aldundiko beste ordezkari batzuk; tartean: Agurne Barruso, kabinete burua, eta Pedro Iturbe, Lurralde Garapenerako zuzendaria. Bergararren proiektuak, iradokizunak eta kezkak gertutik ezagutzea da ekimen honen helburua.
Informazio "freskoa"
Gaurko bisitan, herria beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izan du Garitanok, Gipuzkoako diputatu nagusi bezala joan baita herriko proiektuak ezagutzera eta eragileekin biltzera: "Diputazioan informazio asko jasotzen dugu egunero. Bilera asko izaten ditugu alkateekin eta baita beste eragile batzuekin ere. Askoz freskoagoa izaten da, ordea, herrira bertaratzea eta informazioa bertatik jasotzea", adierazi du diputatu nagusiak bisitan.
Gaineratu du euren jardunerako beharrezkoa dela Gipuzkoako herrietako errealitatea ezagutzea: "Diputazioa Donostian dago eta askotan badirudi Donostiako kontua dela, herrietatik urrun gelditzen den instituzioa dela. Guk Gipuzkoa osoa ordezkatzen dugu, ordea. Horregatik nahi izan dugu handik irten eta herrietara etortzea".
Hala, hainbat eragilerekin batu dira euren kezkak, arazoak, iradokizunak eta eskaerak ezagutzeko. "Herriaren erradiografia egin ahal izateko, eta lanean jarduteko".
Bisita eta bilerak
Goizean, udal korporazio eta langileekin bildu da udaletxean, eta topaketa horren ostean, Azoka Bergaratzen ekimena hurbiletik ezagutzera joan da. Bagarako Andoni Larrañagak eman dizkie proiektuaren gaineko azalpenak. "Oso ideia interesgarriak eta beharrezkoak irudi zaizkit. Izan ere, Gipuzkoa ez da bakarrik herrialde turistiko edo industriala; lehen sektorea ere badago eta uste dut hori indartu egin behar dugula", esan du Garitanok egitasmoaren inguruan.
Lan horren emaitza da datorren astean abiatuko duten hileko lehen eguazteneko azoka. Hileroko ekintza horretan, baserritarren produktuak salgai izango dira. Ekainaren 22an, bestalde, truke eta bigarren eskuko azoka ere izango dira Oxirondo azokan.
Azoka atzean utzita, Miguel Altuna Institutura joan dira foru ordezkariak, Enpresare ekimena ezagutzera. Lantalde horretan batzen dira Bergarako Udaleko, inguruko enpresetako eta hezkuntza alorreko ordezkariak, baita Debagoieneko Mankomunitatekoak ere.
Enpresareren xede nagusiak dira Bergararen inguruko enpresetan, lehiakorragoak izateko, hausnarketa estrategikoak bultzatzea eta nazioartekotzea lantzea. Lantaldeak laguntza eta aholkularitza eskaintzen die enpresa txikiei haien bideak jorratzeko. Migel Lazpiur enpresaburua, Jabier Retegi industria saiburu ohia eta Marije Ugalde Udaleko lan teknikaria agurtu ditu Garitanok, beste batzuen artean.
Miguel Altuna Institutuan bertan, ikastetxe horretako arduradunekin ere bildu da Martin Garitano. Ondoren, ikasleekin topaketa ere izan dute foru ordezkariek.
Arratsaldean, zirkulazio arazoak sortzen dituzten guneak eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanek Angiozarko auzoan egiten dabiltzan kalteak ikusi dituzte foru ordezkariek. Auzo horretako bizilagunek Martin Garitanori azaldu diotenez, lan horiek txikizio larriak sortzen ari dira auzoan.
Mekolalde auzoan geldialdia egin ondoren, Osintxu auzora abiatu dira. Bertako bizilagunek kezka azaldu dute askotariko jatorriko bizilagunek duten egoera ekonomiko txarra ondorioak izaten ari delako auzotarren elkarbizitzan.
Handik udaletxera itzuli dira udal eta foru ordezkariak, bertan herriko kultura eragileekin biltzeko.
Bisita amaitzeko, bilera irekia izan da udalbatzar aretoan. Bertan, bergararrek aukera izan dute euren iritziak eta galderak Aldundiko ordezkariei helarazteko.
Bergarako alkateak, balorazio positiboa
Jaione Isazelaiak, Bergarako alkateak, modu positiboan baloratu du aldundiko ordezkari nagusiak Bergarara etortzea. "Aldundiak hurbiltasun hori erakustea guretako oso gauza positiboa da. Ondo iruditzen zait lehen eskutik ezagutzea herritarren kezkak eta baita langileenak ere, oraintxe izan gara udaletxean. Bitartekaririk gabe dute guztia ezagutzeko aukera". Isazelaiak gaineratu du, bestalde, udalak diputazioarekin duen harremana "erraza eta ona" dela, eta bisita honen helburua herritarrek ere Aldundia hurbil sentitzea zela.
Hamar herritan
Agintaldi hasieratik hamar herritan izan dira bisitak egiten aldundiko ordezkariak, esaterako: Eskoriatzan, Andoainen, Tolosan eta Orion.