Nola dago energia fotovoltaikoaren sektorea Europan?
Espainiako estatua kenduta, beste herrialde guztietan oso panorama baikorra du. Batez ere azkeneko urteetan energia berriztagarriek eta zehazki fotovoltaikoak izan duen garapenarekin, orain arte ezagutu izan ditugun energia iturri tradizionalekin alderatuata, esan dezakegu erabat konpetitiboak direla, erabat.
Energia fotovoltaikoa iturri inportante bihur daiteke Europarendako, hortaz?
Bai, duda barik, eta ez etorkizunera begira bakarrik; errealitatea da. Alemanian, azken lauzpabost urtetan, 36 gigawatt-eko kapazitatea instalatu dituzte energia fotovoltaikoan oinarrituta. Hori 36 zentral nuklearrek sortzen duten energia da. Espainian 4 gW dago instalatuta. Eta Alemanian Espainian baino askoz eguzki gutxiago egiten du.
Etxean jasotzen dugun energia elektrikoa nondik dator?
Desberdina da EAE, Espainiako estatua edo Nafarroa begiratzen baditugu. EAEkoa begiratzen badugu, energia berriztagarriak bakarrik %6 dira; beraz, ezin dugu esan daukagun matrize elektrikoa EAEn nolabait berriztagarria denik, inondik inora. Eta alderantziz, Nafarroan, jatorri berriztagarria daukan elektrizitatea %66ra iristen da ia-ia. Eta gainera, desbedintasuna Nafarroa eta EAEren artean hauxe da: EAEk kontsumitzen duenaren %44 inportatu egin behar du, eta Nafarroak %11 esportatu egiten du.
Elektrizitate enpresa handiek ez dute hor inongo zeresanik? Bere instalazioa egin eta burujabe bihur daiteke edozein?
Energia berriztagarriak eman duen aukera hauxe da: edonor produktore izateko aukera. Inbertsio maila txikiagoak behar dituzte generazio fotovoltaiko plantek, eta horrek, orain dela urte batzuk Espainiako Gobernuak ematen zituen laguntzekin batera, ahalbidetu egiten zuen inbertitzaile txikiak merkatuko zirrikitu batetik sartzea. Orduan, merkatuan ekoizle berriak egoteko edo elektrizitate hornitzaile kopurua handitzeko aukera ematen zuen horrek eta, neurri baten, monopolioa zuten bost enpresa handiei merkatuaren zatitxo bat kentzeko.
Elektrizitatearen erreforma onartu dute. Zer diozu?
Sektore honetan garbi ikusten dugu energia enpresa handiei mesede egingo dien erreforma dela. Esango nuke espresuki beraien interesak defendatzeko dela, izan ere, erreforma horrek berriztagarriei ematen zitzaizkien dirulaguntzak atzeraeraginarekin mozten ditu (gaur egun berriztagarriak lehiakorrak dira inbertsio bat egin delako eman zitzaizkien dirulaguntzei esker). Teknologia hori garestiagoa zenean inbertsioak egin zituzten ekoizle horiek ez dute subentzio gehiago jasoko eta ez da errentagarria izango ekoizten jarraitzea, ez dutelako instalazioa amortizatutako. Orduan, merkatutik produktore txiki horiek kendu eta generazioa produktore handien esku uzten dute.
Beste alde batetik, erreforma honek mugatu egiten du erabat berriztagarrietan inbertitzeko aukera, batez ere autokontsumora begira. Erreforma horrek hauxe dio: zuk kontsumitu nahi baduzu zuk ekoizten duzun energia, peaje batzuk ordaindu behar dituzu energia enpresak aukera ematen dizulako etxean elektrizitatea edukitzeko. Horrek fotovoltaikoa etxean instalatzea lehiakorra ez izatea dakar. Lortzen dena da inork ez sortzea bere energia eta denok komertzializatzaile handietatik kontsumitzea, eta handi horiek merkatuaren bolumenari eustea.
Europako tarifarik handienetarikoa dugu eta gainera ez dago modurik jakiteko kW batek ze koste daukan…
Modua jakiteko badago, baina ez dago interesik jakiteko zeintzuk diren ekoizpen koste horiek, orduan jakingo genukeelako azken urteetan elektrikek ze joko egin duten tarifekin. Proposamen bat aurkeztu zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan energia berriztagarrien elkarteek, energia enpresa handiei auditoria egiteko, eta Kongresuak atzera bota zuen. Izan ere, oso lotura estua dago interes enpresarialen eta politikoen artean. Ikusten da zenbat politikarik bukatzen duten bere ibilbidea enpresa handi horietako kontseiluan. Ez dago interesik benetako generazio kosteak zeintzuk diren azaleratzeko, baina guk badakigu esaten duten baino txikiagoak direla, seguru.
Kontsumitzaileak ezer egin dezake horren aurrean?
Berez, aukeretako bat zen, eragingarritasun energetikorako erremintez baliatuta, kontsumoa jaistea; baina fakturaren zati finkoaren pisu proportzionala igo egin dute, eta kontsumoarena, jaitsi. Erabaki hori aurrezpenaren kontra doa zuzenean.
Beste aukera bat zen norbera bere energiaren produktore izatea eta, azkenean, erreformarekin hori mugatzea lortu dute, peaje horiekin. Orduan, egia esan, orain aukera gutxi daukagu.
Enpresendako ere eragina izango du erreforma horrek, ezta?
Enpresa handiek aukera gehiago dute elektraindarraren prezioa zuzenean negoziatzeko. Enpresa txikiak merkatuak ematen dien prezioari lotuta daude eta ezer gutxi egin dezakete. Merkatua 98an liberalizatu zuten, baina benetan ez da merkatu librea, oligopolio bat baizik, enpresek definitzen dute-eta nola jokatu.
Behar baino potentzia gehiago dago instalatuta Espainian. Zer esan nahi du horrek?
Espainian 107 gW-ko potentzia dago instalatuta, baina bakarrik 43,5 kontsumitzen dira. Azken 10 urteetan, Espainian, ziklo konbinatutako 51 zentral instalatu dira, eta horiengatik 27 gW-ko kapazitate erantsia dago. Ziklo konbinatutako zentraletatik erdiak baino gehiago geldi daude, energia hori behar ez delako. Baina inbertsioa eginda dago, eta enpresek hori amortizatu nahi dute, eta jendeak ez dezala bere energia sortu.
Europan ze jatorria dauka elektraindarrak?
Denetarik dago. Frantzian nuklearra da erabat. Alemanian, azken urteetan gorakada izan dute eolikoak eta fotovoltaikoak, eta Alemaniaren eta Suitzaren politika da energia nuklearra desmantelatzen joatea. Europan, zentral nuklearrak ekialdeko herrialdeak dabiltza eraikitzen. Ingalaterran beste bat eraiki dute, eta zeukaten aurrekontua bikoiztu egin denez, orain energia hori berriztagarri bidez sortuko dena baino garestiagoa izango da.
GoiEner eta antzeko kontsumitzaileen kooperatiba batzuk sortu dira. Zer diozu?
Oso ondo ikusten ditut, alternatiba gisa eta energia berriztagarriei bultzada emateko. Kataluniko Som Energia izan ziren lehenengoak, eta horren ildotik etorri zen GoiEner. Lehia dira enpresa handiendako, eta, batez ere, helburu soziala dute: kooperatibak dira, bezeroak bazkideak dira, eta jatorri %100 berriztagarria duen energiaren kontsumitzaile garbiak dira.
Aurreikuspen bat?
Berriztagarriak etorkizuna bakarrik ez, oraina ere badira. Konpetitiboak dira leku askotan, eta alternatiba bat izango dira. Beste gauza bat da herrialdeek euren legedia aldatzeko ze gaitasun duten energia iturri berriei aukera emateko euren matrize energetikoan integratzeko. Hor interes asko daude, eta ez bakarrik Espainiako estatuan.