Bergarako bidegorri sarea aurten egingo dute Udalak eta Aldundiak

Jagoba Domingo 2014ko api. 8a, 16:31

Bergarako bide motorizatu gabeen sarea, edo bidegorrien sarearen gaineko bilera egin zuen atzo Kirol Kontseiluak. Bertan herri barruko sarea eta herrien arteko sarearen egoera aztertu zituzten eta ostean herritarrek proposamenak egin zituzten. Herrien arteko bidegorrien eskumena Aldundiak dauka, eta aurten Elorriegi Labegaraitarekin lotzeko eta Bergara eta Antzuola lotzeko asmoa erakutsi du.

Bergararren bizikletaren eta mugikortasunaren inguruko kezkak denboratxo bat daramate bueltaka Kirol Kontseiluko kideen buruan. Bada, atzo, Kirol Kontseiluak gaiaren inguruko bilera monografikoa egin zuen; Bergarako bide motorizatu gabeen sarea. Kirol Kontseiluetako bilerek, herritarren partaidetza ardatz bezala duten neurrian, atzo, herritarren motorizatu gabeko sarearen edo bidegorri sarearen inguruko kezka eta proposamenak jaso zituzten. Hala ere, lehenengo egungo bidegorri sarearen egoera aurkeztu zuten. Bai Bergarakoa baita Bergara beste herriekin lotzen dituena ere.

Horren inguruan bi kontzeptu argitu nahi izan zituzten hasteko; izan ere, herritar askok nahastu egin zituzten-eta. Herri barrutik doan bidegorri sarea, Udalak kudeatzen du; herriak konektatzen dituen sarean aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak du eskumena.

Bergara beste herriekin lotzen dituen bidegorri sarea aurten egiteko asmoa erakutsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sare horretan, hiru adar daude; lehenena Bergara Arrasate eta Oñatirekin lotzen dituena; bigarrena, Antzuolarekin lotzen duena, eta azkena, Soraluzekin lotzen duena. Aldundiarentzako lehentasuna duena, Elorregi eta Labegaraieta lotuko dituen tartea izango da; horrela Oñati eta Arrasateko bidegorri sarearekin lehenbailehen lotzeko. Antzuola eta Bergara lotuko dituen bidegorria ere, aurten egiteko asmoa erakutsi du Aldundiak, berez beranduago egitekoak ziren arren, errepideren obrak aprobetxatuz, bidegorria egiteko asmoa dute. Bide horretan arazo batzuk aurreikusten dituzte, zati batzuen zailtasun arkitektonikoa dela-eta, hala ere, konponbideak bilatzen dihardute.

Bergara barruko sarea

Udaletxeak ere, bidegorri sarea osatzerako bidean, bi zati egiteko asmoa du. Lehena Lorentxokoko etxe berrietatik Lazpiurreraino; eta bigarrena, azoka atzealdetik trenbide zaharreko paseoraino. Horrez gain, bidegorriak ez izan arren, Angiozar eta Labegaraieta lotzeko eta Uberako auzoa Bergararekin lotzeko asmoa erakutsi du Udalak.

Ostean, taldetan bilduta, herri barruko bidegorri sarearen gaineko proposamenak eman zituzten herritarrek. Besteak beste txirrindulari eta oinezkoen baterako existentziaren gainekoak, argiztapenaren gainekoa edo puntu beltzen gainekoak.

Proposamen gehiago izanez gero, maiatzaren amaierara arte Udaletxean uzteko aukera egongo da, eta planaren eta ekarpenen jarraipena egiteko, bergarakokirola.blogspot.com. es webgunea martxan jarri dute. Lauri Azkargorta kirol zinegotziak aditzera eman zuenez, urrian beste bilera bat egingo dute herritarren proposamenak aintzat hartu ostean proiektua zehazteko; aurrekontu eta datak barne.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak