Migel Altuna Institutuak enpresekin lotuta dituen bi proiektuetan lehena da Asmaola+ izenekoa. Asmaola+ zerbitzu teknologikoen bidez enpresa txiki eta ertainendako berrikuntza bultzatzen duen sare bat da: lanbide heziketako bost ikastetxek osatzen dute sare hori eta helburua da, lanbide heziketako zentroek eskaintzen dituzten baliabide eta ezagupen teknikoen bitartez enpresa txiki eta ertainei hainbat proiektuetan laguntzea. "Azken finean kontua da enpresa txiki eta ertainei gure baliabideak eskaintzea; etekin ahalik eta handiena ateratzea elkarrengandik" dio Unai Ziarsolok Migel Altuna Institutuko zuzendariordeak.
Horrekin batera, Bergarako Institutuak badu enpresekin lotutako beste proiektu bat eskuartean. Lanbide Heziketa Duala da hori. "Hezkuntzaren formatu aldaketa bat proposatzen da: ikastea eta aldi berean lana egitea. Uztartu behar ditugu ikasketak eta lana" dio Joxu Aranak, Migel Altuna Institutuko enpresa erlazio arduradunak. "30 urtetik beherakoendako proiektu bat da Lanbide Heziketa Duala. Migel Altunan une honetan bederatzi ikasle daude proiektuan. Ikasi eta lana egiten dute batera. Horrek, hainbat abantaila eskaintzen dizkio bai ikasleari eta baita enpresari ere".
Enpresare, industria garapenerako
Enpresare foroak ere izan zuen tokia atzoko jardunaldian. Industria berraktibatzea du helburu Enpresare egitasmoak. Foroan kide dira Migel Altuna Institutua, Bergarako Udala, Mankomunitatea eta hainbat enpresa. Kontseilariak ere baditu Enpresarek. "Kudeaketa plana dugu eskuartean, industria berraktibatzeko helburuarekin. Diagnostikoa eginda dago; Bergara, Antzuola eta Elgetako enpresen tamaina zein den, zein sektoretan lan egiten duten, salmentak nolakoak diren..." dio foroko presidente Kristina Elkorok. Eta gaineratu du: "Diagnosi horretatik atera dugun ondorioetako bat da enpresa guztien merkatua, Espainiako estatua dela. Eta Kanpoko merkatuetara zabaldu beharra dago; internazionalizazioa ari gara lantzen une honetan".
Nazioarteko esperientziak
Internazionalizazioaren bidean Tornilleria Segur S.A eta Caucho Mujika S.A enpresetako gerenteek euren esperientziaren berri eman zuten. "Partzuergo baten bitartez egiten dugu internazionalizazioa. Alemania, Frantzia, Italia eta Portugal dira gure herrialde nagusiak. Polonian eta Errusian ere badihardugu merkatuak zabaltzen" dio Tornilleria Segur enpresako gerente Jon Leturiak.