Egitaraua
- 08:30 Gorlara oinezko irteera, Pol-Pol Mendi Taldeak gidatuta.
- 10:00–11:00 Zuhaitz landatzea.
- 11:00 Historiaurreko olinpiadak gazteentzat.
- 11:00 Paseo gidatua Elosuko Benta aldera.
- 12:00 Hamarretakoa Kantina aurrean, parte hartu duten haur eta gazteentzako.
- (12:15 Txirrindulari lasterketaren amaiera).
Joan-etorriak
Domekan Gorlara igotzeko lehen aukera oinezkoa izango da, Pol-Pol Mendi Taldearen eskutik. Herritar guztiek hartu dezakete parte igoera horretan; irteera 08:30ean izango da, frontoitik.
Baina autobusez ere egin ahalko da joan-etorria: Udalak autobus bat jarriko du goizean Gorlara igotzeko eta eguerdian itzultzeko. Autobusez igotzeko lehen aukera 09:15ean izango da eta bigarrena 10:15ean; Ariznoa plazatik –epaitegi aurretik– irtengo da autobusa. Itzulerako autobusak 12:45ean eta 13:45ean aterako dira Gorlatik.
Pagadi azidofiloaren berreskuratzea
Behin Gorlara ailegatuta, zuhaitzak landatzea izango da lehen egitekoa. Landatzearen helburua da lursail horretan berezkoa –baso potentziala– den pagadi azidofiloa berreskuratzea; lehenago ere egin izan dira pagadia berreskuratzeko landaketak leku berean.
Helburua pagadia berreskuratzea izanik, landatuko diren zuhaitz gehienak pagoak izango dira baina, horiekin batera, pagadiko beste espezie batzuk ere landatuko dira: gorostiak, sagarminak, urkiak, elorri zuriak… Landatze berri horrekin, Pagola-Loidiko pagadi baliotsua osatzen jarraitzea lortuko luke Bergarak.
Behin landatzea burututa, bertaratutakoek bi aukera izango dituzte: aurrenekoa, historiaurreko lehen olinpiadetan parte hartzea; eta bigarrena, Elosuko Benta aldera bisita gidatu berezi bat egitea.
Olinpiadak
Gorlako kantina ingurua Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa ezagutzeko abiapuntu ezin hobea da, balio natural eta arkeologiko askoren gordailua, eta hain justu ere hori gogoratu nahi dute gazteentzat antolatu dituzten historiaurreko lehen olinpiada horiekin.
Kirol probak eta mitologia uztartuz, parte hartzen duten haurrek garai bateko bizimodu eta teknikak ezagutzeko eta probatzeko aukera izango dute. Besteak beste, Arku txikiekin uztai jaurtiketa egingo dute eta baita azagaien jaurtiketa ere bultzagailuarekin. Jarduera hau Debanatura elkarteko bi hezitzailek gidatuko dute.
Olinpiadetan parte hartu gura dutenak kantina aurrean egon beharko dira 11:00etan.
Paseo gidatua
Ordubete inguruko paseoa izango da eta Amaia Arriaran ipuin-kontalari bergararrak gidatuko du: oinez egingo den txango labur batean zehar, ingurune horretako historia aberatsari buruzko azalpenak –estazio megalitikoa, Elosuako gaztelua, Bentako bandoleroak, antzinako bideak…– eta hiru ipuin tartekatuko ditu. Helduentzat nahiz haurrak dituzten familientzat, interesa duen ororentzat dago pentsatuta paseoa.
Bisita gidatuan parte hartzeko: 11:00etan, kantina aurrean.
Zuhaitz landatzean, eta olinpiadetan edo bisitan parte hartzen duten haur eta gazteentzat mokadutxoa egongo da, 12:00etan, Kantina aurrean. Ordu inguru horretarako (12:15) espero dituzte, era berean, txirrindulariak; Gorlako gainean bukatu da lasterketa.