Valen Moñuxen ikuspuntua

Jon Moñux 2014ko mar. 21a, 11:56

Valen Moñux Uribesalgo.
Soltz-Frères: 125 urte

1889ko martxoaren 18an inauguratu zen San Pedroko organoa. 125 urte bete berri ditu. Instrumentu bitxi honek ez du jasan aldaketarik bere historian eta mantendu egiten ditu egin zeneko bertute guztiak. Baina mende bat eta laurden denbora luzea da edozein instrumenturentzat. Are gehiago, hiru teklatu, pedalier eta 2.400 tutuz osatutako makina erraldoi eta konplexu batentzat. Berregokitze lan sakona behar du, aurrekontua oso handia da eta finantzazio iturri falta galanta sumatzen da. Adituen ustez, lanak ez badira azkar egiten, hemendik gutxira makina berezi honek ez du gehiago funtzionatuko.

Organo-jolearen semea izanda, izugarrizko pena eman dit bergararrok dugun ondare artistiko baliotsuaren egoeraren berri hori jakiteak. Ez pena bakarrik, baita beldurra ere. Kultura eta musika arloan urte mordoxka murgilduta, garbi ikusi dut nola gutxitu den Bergarak zuen ondare kultural garrantzitsua; hau da, antzoki kopurua: Irala, Novedades eta Seminarioko zineak, Mariaren Lagundiko antzokia… denak desagertuta ordezkorik gabe, eta proiektu berriren baten arrastorik ere ez. Benetako inbidiaz egiaztatzen dut gure antzeko beste herri batzuetan ahalegin handiak egin direla antzoki edo auditorium modernoak izateko. Bergara, berriz, zeharo atzean gelditu da, gurea baino herri txikiagoekin konparatuta ere. Hau adibide ezaguna eta bistakoa da, baina batzuetan susmoa dut proiektu ausartetan sartzen ari garela, emaitza egokia izango duten jakin gabe eta, era berean, ahaztu egiten zaigu aspalditik dugun ondare eta balore garrantzitsuak zaintzea, mantentzea eta berritzea.

Martina Maizek, Algodonerako sortzailea izan zen Jose Julian Blanc-en alargunak, donatu zien San Pedroko parrokiari eta, hortaz, bergararrei, gure herriko tradizio musikal distiratsuarekin parekatzen zuen musika instrumentu zoragarria: Stoltz-Frères organo erromantikoa, hain zuzen. Gai izango al gara gure ondare artistikoa bizirik mantentzeko?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak