Martitzenean 125 urte bete ziren San Pedro parrokiako Stotz-Frères organoa inauguratu zutela. Bernardo Badiola organo jotzaileak inauguratu zuen 1889. urteko martxoaren 18an, eta ordutik gaurdaino dotoreziaz bete du bere eginkizuna. Baina 125 urte ez dira gutxi, ezta instrumentu batendako ere, eta zaharberritze premia handian dago. Adituek esandakoaren arabera, denbora tarte motzean ez badira neurriak hartzen eta konponketak egiten, ez du atzera bueltarik izango eta herriak duen ondare artistiko berezi eta baliotsuetako bat betirako galduko da.
36.500 frankoren truke
Parisko Stoltz-Fréres etxeak eraiki zuen San Pedro parrokiako organoa. 36.500 franko kostatu zen eta ordainketa hiru zatitan egin zen: lehena, 12.500 frankokoa, kontratua sinatzean, 1887. urtean; bigarrena, 4.000 frankokoa, instrumentua Beasainera iritsi zenean; eta hirugarrena, 1889an, organoa Bergarara iristerakoan.
Aipatzekoa da, bestalde, lehiaketa bidez aukeratu zela organoa nork egin 1987an. Hiru proiektu aurkeztu ziren: Merklin et Cie etxearena, Cavaille-Coll etxearena, eta aukeratua izan zen Stoltz-Frères Parisekoarena.
Martina Maizen dohaintza
Martina Maizen –Jose Julian De Blanc, Algodonera lantegiaren sortzailearen alarguna– dohaintza izan zen eta Bernado de Gabiola organo jotzaileak estreinatu zuen, 1889. urteko martxoaren 18an.
San Pedroko organo erromantikoak berezitasun ugari ditu. Eraiki zuten unetik bertatik diapasoi normala baino tonu erdi baxuago afinatuta dago. 56 notadun hiru esku-teklatu ditu, 30eko pedala eta 2.400 hodi.
1973. urtean zaharberritu egin zuten Jose Maria Galdos eta haren bazkide Alejandro Usabiaga De Hernanik. Baina ez zuen bere izaeraren izpirik ere galdu. Azpeitia eta Azkoitiko organo erromantikoen moduan, San Pedrokoa ez dago elektrifikatuta eta eraiki zeneko soinu bera du, Europako gainerako organo handiek ez bezala.
Bada, San Pedroko organoa are ezohikoagoa da; izan ere, ez zaio sekula aldaketarik egin; bere horretan mantentzen da eta gaur egun, ez dago ezaugarri hori betetzen duen beste organorik: mundu osoan jatorrizko egoeratik gertuen dagoen Stoltz-Frères etxeko organorik handiena da San Pedrokoa.
Egoera oso larrian
Organoaren egoera kaskarra dela eta, elizkizunetan bakarrik erabiltzen da gaur egun. San Pedro eta Santa Marinako organista Aitor Oleak hauxe esan du: "2013. urteko uztaila ezkero ez da bertan kontzerturik egiten eta entseatu ere ez dut bertan egiten". Azpeitiko eta Azkoitiko organo erromantikoekin San Pedrokoan duela hamalau urte abiatu zuten Organo Erromantikoaren Zikloa ere ezin izan da San Pedroko organoan egin. Eta hauxe gehitu du: "125 urteotan bere soinu ahaltsuek eta bakartiek une gogoangarri asko eman dituzte. Europan eta AEBetan miretsi egiten dute. Hainbat CD grabatu dira bertan, daukan bikaintasuna eta nortasuna azpimarratuta. Galduko balitz, Bergarak duen aktibo artistiko musikal esanguratsu eta bakarra galduko litzateke".
Gauzak horrela, zenbait herritar irabazi asmorik gabeko elkarte bat eratzeko bidean ari dira, San Pedroko organoaren konponketa prozesua abiarazteko ahaleginean