Internet sare paraleloa da Guifi.net, herrigintzatik abiatua eta operadore handiengandik independentea dena. Katalunian, esaterako, indar handia hartu du.
GipuzkoaSharek dihardu gure lurraldean Guifi.net bultzatzen, eta zapatu goizean Bergarako gaztetxean egindako batzarrean izan zen ordezkari bat, Asier Garaialde. Harekin batera, besteak beste, Bergarako, Antzuolako, Oñatiko eta Legazpiko ordezkariak. "Debagoieneko hiru herritan dihardugu lanean uneotan", azaldu zuen Garaialdek. "Eskoriatzako Gellao auzoari eman diogu lehentasuna, eta gaur egun auzoko baserri ia guztiek dute Internet konexio egokia", adierazi zuen. "Oñatiko Arantzazu auzoan ere bagabiltza. Arazo handiak izan ditugu, baina gaur egun Internet edukitzeko aukera badago. Elgetan ere montatuta dago sarea. Herri mailako sarea erabiltzeko aukera izateaz gain wifi librea izango dute herritarrek datorren astetik aurrera Herriko plazan".
Sare autonomoa hedatuz
Garaialderen esanetan Tolosaldeko herri gehienak konektatuta daude, eta garrantzia handia ematen dio berriki Ernio gainean ipinitako errepikagailuari. "Errepikagailu horrekin Urola eta Tolosaldea lotzen ditugu. Donostia eta Goierri aldera ere egin daiteke konexioa. Debagoiena Elosua edo Aloña aldetik lotu daiteke sarera. Helburua, Gipuzkoan eta gero Euskal Herri osoan sare autonomo bat sortzea da", azaldu zuen.
Zibergarako kide Mikel Azkaratek bailara mailan bultzatu beharreko proiektua dela uste du. "Gure bailaran, uneotan, uharte moduko batzuk daude; Elgetan, Eskoriatzan eta Oñatin, hain zuzen ere. Gure asmoa da ikustea beste herrietan zer dagoen mugitzen gai honen inguruan eta Debagoieneko Mankomunitateari proiektu bateratu bat aurkeztea uharte horiek konektatuz bailara mailako sarea osatzeko".
Zapatuan Bergarako gaztetxean egindako batzarra lehenengo pausoa izan zen.