Amaia Artolak belauntzarrak irabazi du gutun onenaren saria. "Eskutitza aurkeztu nuenean ez nekien zer gertatuko zen, izan ere, ohizko amodiozko gutunetatik aldentzen da nirea eta ez nuen inondik inora irabaztea espero. Izugarrizko sorpresa izan da", adierazi zuen Artolak sari banaketaren amaieran. Izan ere, alzheimerra duela jakinarazi dioten ama batek alabari idatzitako gutun hunkigarria da Artolarena.
Epaimahaiak Artolaren gutunetik baloratu zuen: garapen ona, ondo idatzitako eskutitza dela, perfektua, oso intimoa eta amodioaren ikuspegi partikularra lantzen duena. "Azken horrekin ados nago, baina beste guztiarekin... Ez dakit, gehiegitxo esatea dela uste dut. Hala ere, epaimahaiak hala esan badu, ez diot aurka egingo". 500 euroko saria jaso zuen.
Bigarren saria Barakaldoko Diego Leonentzat izan da, baina ez zuen ekitaldian izaterik egon eta bideoz irakurri zuen bere gutuna. Hala ere, urruntasunean gertu sentitu zituzten Leonen hitzak Bergarako kultur etxean batutako entzuleek. "Lehenengo pertsonan idatzitako gutun orijinal eta sinesgarria" dela baloratu zuen epaimahaiak, besteak beste. 250 euroko saria jaso zuen.
Bergarar onena
Bergarar onenaren saria, bestalde, Uxue Agirrerentzat izan da. "Urtetan parte hartu izan dut. Beste behin lagun batekin erdibana idatzitako gutun batekin Bergarar onenaren saria jaso genuen, baina oraingo hau sorpresa handia izan da. Izan ere, gutuna bidaltzerakoan mezu bat jaso ohi duzu eskutitza jaso dutela jakinarazten, eta aurten ez nuen jaso. Beraz, akaso, epez kanpo ibili nintzela pentsatu nuen. Ondorioz, sorpresa handia eta ona izan da", adierazi zuen Agirrek. Bere ahots leun eta goxoak adi izan zituen ganbaran batutako denak. 150 euro eskuratu ditu.
26 urtetik beherako saria
Gazteen artean, 26 urtetik beherakoen artean, Ainhoa Ortega izan da onena epaimahai gaztearen iritziz. "Oso pozik nago jasotako sariaz. Momentuan sentitzen nuena islatu nuen gutunean", adierazi zuen Ortegak.
Sari banaketaren amaieran, luntx txiki batez gozatzeko aukera izan zuten bertarako joandako guztiak.