Kontzertua 22:30etarako iragarrita bazegoen ere, 23:00ak pasata hasi zen The Potes jotzen. Askotariko bertsioak jo zituzten. Esaterako The Pogues taldearen bertsioak –Tuesday Morning, Love you till the end eta Dirty old town, adibidez– edo Rip taldearen Condenado. Ordu eta erdi inguruz aritu ziren jotzen, eta gaztetxeko ikusleak berotzea lortu zuten.
Eztanda
Ondoren, Never Surrenderrek eztanda eragin zuen. Laukote arrasatearrak indartsu ekin zion hasieratik eta zaletuak ere gogotsu ziren. Izan ere, Arrasaten urtebete jo gabe egon da taldea. Beraz, gozatu ederra taldearendako eta jarraitzaileendako. Bide zuzenetik oker azken diskoko kantuak abesti zaharrekin tartekatu zituzten eta bertsioren bat edo beste ere eskaini zuten. Horietako bi, gainera, herriko bi talderenak: Iskanbila taldearen Fusilak eta Enboskadaren Amaiur Gaztelu Beltza. Jarraitzaile sutsu batek pare bat bertso ere abestu zituen agertokira igota, taldekideen erabateko onespenarekin.
Gaztetxearen alde
Herriko zein bailarako jendea erakarri zuen kontzertuak gaztetxera. Lepo bete zen. AGAKOk dituen gastuei aurre egiteko bideratuko da emanaldiko sarreren eta tabernan lortutako dirua. Hain zuzen, The Potes amaitu eta Never Surrender hasi aurretik, AGAKOko bi kidek eskerroneko hitzak izan zituzten bertara joan ziren guztientzako. Era berean, gaztetxera hurbiltzeko eta gaztetxearen alde lan egiteko deia ere egin zuten.