Gaurtik martxan hondakinen bilketa sistema mistoa Bergaran

Imanol Gallego 2014ko ots. 4a, 15:34

Atzo –astelehena– herriko edukiontzi berdeak erretiratzen hasita, gaurtik errefusa eta materia organikoa esekitokietara atera beharko dituzte herritarrek. Horiek izango dira esekitoki bidez batuko diren gai bakarrak; beira, papera-kartoia eta ontzi arinak edukiontzietan batuko dituzte, orain arte moduan.

Urtebeteko atzerapenarekin, baina hondakinak batzeko sistema berrira salto egiteko eguna iritsi da Bergarara. Sistema mistoa izango da, errefusa eta materia organikoa esekitokien bidez atez ate jasoko dira eta gainontzeko hiru gaiak (beira, papera-kartoia eta ontzi arinak) orain arte bezala edukiontzietan batuko dituzte.

Sistema hori, baina, ez da behin betikoa; Udalak ekainera arte jarraipen zehatza egingo dio, eta gaika jasotzen dena %70 baino gutxiago bada edo hondakinak gaizki bereizita botatzen direla ikusten badu, papera eta ontzi arinak ere esekitokietara eroan beharko dira. Beiraren, olioaren eta oihalen edukiontziak, aldiz, mantendu egingo dira.

Tokian tokiko berezitasunak

Erdigunea kultura ondasun gisa izendatua dagoenez eta gune horretako kaleak estuak direnez, erdiguneko kaleetan ez da esekitokirik egongo. Horren ordez, bilketa lokaletan eta propio prestatutako lekuetan egingo da. Bada, egokitu diren lokalen kasuan, bizilagunak hasi dira leku berri horiek erabiltzeko giltzak jasotzen.
Auzoetan, berriz, beste modu batera batuko dira hondakinak. Baserri bakoitzean ekarpen-guneetara sartzeko txartel bana banatu dute. Matxiategi, Gorla, Labegaraieta eta San Juan-Basalgon izango dira bilketa-gune nagusiak, baina horiez gain, Angiozar, Aranerreka, Candy Elosua, Mekolalde Buruñao, Ola, Osintxu, Elorregi, Ubera eta Kanpazarren mini-guneak sortu dituzte.  

"Asmoa ez da isunak jartzea"

Isunek ere zeresan handia eman dute, baina Ingurumen zinegotzi Leire Irunek hauxe aipatu du: "Gure asmoa ez da isunak jartzea, zerbitzua eraginkorra izan dadin ahalegintzea baizik". Horregatik, lehenik, informazio gehiago ematen saiatuko gara; horren ostean, jendeak gaizki egiten jarraitzen duela ikusten bada, isunak jartzeko aukera egongo da. Dena den, Iruin ez da horren aldekoa: "Ziur gaude herritarrek ondo egingo dutela".

Egoera berezietan zer egin?

Noizbait hondakin organikoa edo errefusa dagokion egutegi eta ordutegiaren barruan ateratzea ezinezkoa bada, herritarrek bi larrialdi-gune erabiltzeko aukera izango dute; horiek Matxiategiko eta Labegaraietako ekarpen guneak izango dira. Martxotik aurrera, bertara sartzeko 943 25 22 88 telefonora deitu eta bertan emandako kodea tekleatzea nahikoa izango da. Zerbitzu hori martxan jarri arte, giltza Udaltzaingoan eskatu beharko da.

Noiz eta nola atera behar da gai bakoitza?

Hondakinen bilketa sistema mistoa denez, herritarrek oso aldaketa gutxi igarriko dituzte. Organikoa martitzen, egubakoitz eta domeketan atera beharko da, errefusa eguenetan eta konpresak eta pixoihalak egunero atera daitezke. 20:00etatik 23:00etara atera beharko dira hondakinak dagozkien esekitokietara.

Olioa, beira, papera eta kartoia, ontzi arinak eta oihala orain arte bezala edukiontzi bidez batuko dituztenez, bilketa zerbitzuak ez du aldaketa nabarmenik izango.

Esekitokietan lagatako kuboak jasotzeko Udalak ez du ordutegi zehatzik eman; hala ere, "ahalik eta bizkorren" jasotzeko eskaera egin dute. Gogoan izan landa-guneetako bizilagunek ekarpen-guneetara eta mini-guneetara sartzeko, baserri bakoitzean banatu den txartel pertsonala eta transferiezina izango dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak