Iritsi da Bergarara '1808-1813. Inbasio napoleonikoak' erakusketa

Irati Goitia 2014ko urt. 29a, 14:37

Gaur goizean egin dute erakusketaren aurkezpen ofiziala eta bihartik martxoaren 2ra bitarte izango da erakusketaz gozatzeko aukera. ‘Bake Ituna’ ekimenaren baitan kokatzen den egitasmoa da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostia San Sebastian 2016 Fundazioak eta Bergarako, Irungo eta Tolosako udalek elkarrekin bultzatutako proiektua da. Hala, elkarlaneko sare zabala eratu dutela azpimarratu du gaurko ekitaldian izan den Ikerne Badiola, Foru Aldundiko Kultura diputatuak. Gaineratu du antolatzaile guztiek balore berdinak konpartitu dituztela.

Gipuzkoan zehar

"Donostia 2016ak irudikatu eta bake-ituna proiektuan gorpuzten diren balioak dira hemen erakusten direnak: bakea eta elkarbizitza. Atzera begiratu, hausnartu eta geroa elkarrekin eraikitzea da helburua", esan du Badiolak.

Hain zuzen, mezu eta balore horiek Donostiatik abiatuta, Gipuzkoa osora zabaltzea izan da nahia, Badiolaren esanetan. Hala, Donostiako San Telmo eta Ontzi Museoan, Tolosan eta Irunen izan da ikusgai erakusketa ibiltaria eta Bergaran bukatuko du bere ibilbidea. Zehazki, tropa frantsesek Gipuzkoa inbaditu zutenean protagonista izan ziren hiru herrietara iritsi da erakusketa.

Gaurko aurkezpenean izan da baita Rafa Stxez Bergarako zinegotzia eta Badiolaren ildotik mintzatu da; erakusketaren garrantzia azpimarratu du. "Bergararron ibilbidean orrialde ugari idatzi dira, gaur egunera iritsi arte. Pasarte zoriontsuak eta zoritxarrekoak. Horien artean erakusketa honetako inbasio napoleonikoak ditugu". Stxezek gaineratu du iragana ulertu ezean, oraina eta etorkizuna ulergaitzak direla. "Iraganetik ikasi ezean, behin eta berriz oker berak egiteko arriskuan izango gara".

Bergarak bere alea

Bake-ituna, giza-eskubideak eta kultura oinarri dituen erakusketa da Bergarako Aroztegi aretoan ikusgai egongo dena, beraz. Panelak eta objektuak egongo dira bertan. Bergarako Udaletik ere egin dute euren ekarpena. Zehazki, XVIII. mendeko teleskopio frantsesa, Chavaneau ikerlariaren argitalpenak eta Jose Bonaparteri egindako fideltasun zina.

Herritar orok izango du erakusketaz gozatzeko aukera bihartik martxoaren 2ra bitarte. Bisita gidatuak ere izango dira zapatu arratsaldetan eta domeka goizetan. Gaur ere halaxe amaitu dute aurkezpen ekitaldia, bisita gidatu batekin, Mikel Alberdik eman dizkie argibideak bertan batutakoei. Bestalde, gaur arratsaldeko zazpietan inaugurazio ekitladia egingo dute eta bertan izango dira bailarako hainbat alkate.

 

Erlazionatuak

Historiari, gertuko begiratua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014 urt 24 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak