Helburu nagusia diskurtso historikoa probintzian zabaltzea eta ezagutaraztea da; horretarako, XlX.mende hasieran Gipuzkoan gertatutako ekintza nagusiak azpimarratuz. Erakusketak, era berean, hausnarketa sortu gura du iragana eta gaur eguneko gizartearen inguruan, etorkizuna, eraiki beharreko zerbait bezala erakutsiz horrela.
Zergatik Bergarara?
Kultura, giza-eskubideak eta bake-ituna dira oinarrian, erakusketaren mamiak. "Erakusketaren helburuak eta Udalak bultzatzen duen Museoa berriak harreman zuzena dute; izan ere, Museoa Mintegiaren gorpuzte berria izango da; eta Mintegia zen, hain zuzen ere, euskal ilustrazioaren gotorleku nagusia, ondorioz, garai hartako ideien talkaren erakusle nagusietakoa" azaldu dute Udal Museo Sailetik.
Hainbat dira, bada, erakusketa herrira ekartzeko gakoak: Bergara Europako ilustrazioaren topalekua izatea, bereziki, Errege Mintegiaren garrantzia aintzat hartuta eta Bergarako Besarkada, bake hitzarmen ezaguna.
Bergaratutako erakusketa
Aroztegiko erakusketak bost ardatz ditu, honakoak: Napoleonen inbasioa; inbasioari erantzuna eman zion gerrillari buruzkoa; frantsestuak, garai hartako Kadiz Konstituzioa, eta inbasioaren amaieran izandako azkeneko euskal borrokak.
Hirugarren arloa da Bergararekin lotura zuzenena duena: "Ilustrazioak jarraitzaile asko zituen Gipuzkoan, gehienbat Bergaran. Gerraren aurretik, nukleo ilustratu oso altua zegoen herrian; Vascongada ez ezik, Bergarako Mintegia garatu zuena. Mintegiaren beraren historiarekin batetik, eta herriko ilustrazio-giroaren bitartez gure ekarpena egingo diogu erakusketari. Hirugarren eremua, erakusketa herrira ekartzeko aitzakia perfektua zen, bide batez, Donostia 2016 ekimen erraldoiaren olatua gurera ekarriz. Era berean, Bergara gaur egungo mapa kulturalean jartzeko balioko du, erakusketa aitzakia ona da-eta Bergarara bisitan etortzeko" azaldu du Udal Museo Sailak.
Forma aldetik erakusketa klasikoa da, panelak eta objektuak erakutsiz. Horien artean, Udalaren hainbat osagai daude: Udal artxiboko agiri bat, hau da, Jose Bonaparteri egindako fideltasun zina eta garaiko Mintegi historikoaren bi ale: platinoa purifikatu zuen Mintegiko Chavaneau irakasle eta ikerlari frantsesaren argitalpenak eta XVIII. mendeko teleskopioa, alegia.
Mahai gainean asmo gehiago
Erakusketako edukiak ez ezik, Bergarak bere berezitasunak erantsi gura ditu: "Erakusketa ibilbide zabalago batean txertatuko dugu eta horretarako, asteburuetan, erakusketan bisita gidatuak egiteko asmoa dugu.Bergaran jaiotako Mendizabal jeneralaren erretratua eta Irizar jauregian Udalak duen oroigarriarekin osatuko dugu ibilbidea. Mendizabal aitzakia hartuta, garaiko Gipuzkoaren gizartea landuko dugu eta Irizarrekin, erakusketak eta baita Donostia 2016ko proiektuak sustatzen dituen baloreak aldarrikatuko ditugu, hau da, Bake itunak, giza eskubideak eta gatazka bati amaiera nola eman ere aztertuko dugu".
Bergarako Mintegia museo bilakatzeko egitasmoa, bidean
XVIII. mendearen bukaeran, Europako ikerketa zientifikorako gune garrantzitsua izan zen Mintegia. Bertan, sortu zuten, besteak beste, wolframioa, elementu kimikoa, eta eta baita platinoa xaflakor egiteko metodoa ere. XIX. mendean zehar, Errege Mintegia edo Seminarioa nabarmendu egin zen Gipuzkoako Goi mailako Institutua izan zelako (Gipuzkoako lehenengo institutua izan zen, eta hamarkada batzuetan zehar bakarra).
Bergarako Mintegiko laborategietan gordetzen dituzte oraindik, aurreko mendeetan erabilitako 3012 objektu zientifiko; horien artean daude, besteak beste: zientzia-tresnak, anatomia modeloak, zoologia bildumak, mineralak eta fosilak.
Bergarako Udalak lan handia egin du bakarra den bilduma horretako osagaiak berreskuratzen, ikertzen eta berritzen. Gaur egun bilduma prest dago Museoan erakusteko zain. Dagoeneko abian den proiektua da museoarena; une honetan, museografia lantzeko fasean daude, beste modu baten esanda, edukiak (bildumaren osagaiak) edukiontzira (egoitzara) egokitzeko proiektuak lantzeko deialdia eginda dute).
Museoaren kokapena, momentuz, Errekalde Jauregia litzateke, nahiz eta Udalaren helburu nagusietako bat, Museoa lehenbailehen Mintegira eramatea de. Museoaren irekierarako data zehatzik zehazterik ez duten arren, urte amaierarako emaitzak izatea espero dute.