Nola jaio zen? Zergatik?
Joxan Lizarribar gure oso laguna gaixorik zegoela bisitan joan ginen Mikel eta biak. Orduan erabaki genuen zerbait egin behar genuela berriz ere elkarrekin.
Joxan Lizarribar, besteak beste, euskal kulturaren bultzatzaile zenak, piztu zizuten, beraz, beste behin txispa.
Bai; hala da. Gaur egun oso modan dago coaching figura, eta nire ustez, Lizarribar coach bat izan zen batez ere Mikel eta biontzat, beste hainbat sortzaileena ere izan zen moduan, besteak beste, Ainhoa Artetari ere asko lagundu zion. Orain 10 urte New Yorken Zaharregia txikiegia agian egitasmoaren lehenengo emanaldia egin genuenean, bera han zen; eta gero betidanik izan da oso laguna. Niretzako oso galera handia izan da pertsonalki, momentu askotan bakarrik sentitu naiz bera gabe. Haren indarretik sortutakoa delako berari eskaintzea erabaki genuen CD-liburua.
Taldekide berak zarete.
Bai, hala da. Mikelek eta biok erabakia hartu genuenean Rafarengana eta Bingenengana jo genuen eta segituan eman ziguten baiezkoa. Mikel ere batu zen jarraian.
Zure testuak dira egitasmoaren oinarri. Zeri buruzkoak dira?
Denetarik daude, Emanaldi bizia da, Bizitzako pozak eta nekeak daude jasota (lagun galduei egindako bi pieza daude, besteak beste) eta baita euskalduntasunari buruzkoak ere. Gaur egungo Euskal Herrian gizabanakoak dituen kezkak, besteak beste, euskarari buruzkoak eta baita herri gisa gure buruan sinestera bultzatzen duten testuak ere eta horren harira gaineratuko nuke, aldarria egiten dela adiskidetasuna eta duela gutxi Bilboko manifestaldian ikusi zen moduan, denok elkarrekin aurrera egiteko nahia. Era berean, gure iraganari buruzko autokritika ere badago; Nuevo Mexikora joan zen Juan de Oñate konkistatzailearen historia modu ironiko eta umoretsuan kontatzen dugu. Orokorrean, umoretik asko dago.
Kantatzen ausartzen zara?
Ez, nik Lou Reed edo, egun, Leonard Cohenek egiten duen moduan egiten dut, hau da, ahotsa modulatu barik, errezitatu egiten dut.
Bergara, ondo ezagutzen duzun herria da.
Hala da, bai. Familia dut han, osaba-izebak eta lehengusuak ere bai. Lagunak ere dezente ditut Bergaran, horietako batzuk sortzaileak direnak, Asier Altuna esateko. Bergara herri oso berezia da niretzat, txikitatik joaten nintzen bertara. Horrez gainera, kultura maite duen herria dela deritzot.
Ezagun eta ezezagunak ere gonbidatuko ditugu, baina.
Bai, horixe. Poesia edo musika zaleentzako aproposa da 'Jainko txiki eta jostalari' ikuskizuna eta, nola ez, baita euskara maite dugunontzako ere.
Finean, ondo pasatzeko aitzakia polita, bada.
Ez izan dudarik; hori da-eta, helburu nagusia. Askotariko uneak eta sentimenduak batzen dituen saioa da. Orain artean eskainitako saioetako ikusleengan, barrea irribarrea eta malkoak ere ikusi ditugu. Ikusleak sentitu egiten du esaten eta egiten duguna; eta hori da gura duguna, bestela zertarako egin bada? Ikuskizun batek ikuslearen barrua mugitu behar duela sinesten dugu.