Askotariko arteak konbinatzen dituen egitasmoa da; ikuskizunarekin batera, CD-liburua kaleratu zuten-eta, Mikel Valverde ilustratzailearekin batera. " Haria jarraitzeko ez da ezinbestekoa aurrez CD-liburua irakurrita izatea. Horrela azaldu du Ondarroako poetak: "Zuzenekoak zuzenekoak dira eta ikusleek ez dute CD-liburuaren beharrik saioaren hariari jarraitzeko. CD-Liburua, berriz, ederra da etxean lasai irakurri eta marrazkiei begiratzeko". Aipatutako CD-liburu hori eskuratzeko aukera izango da Zabalotegin.
Aurrekoaren hurrengo pausua
Zaharregia txikiegia agian egitasmoaren bigarren pausua da Bergaran erakutsiko dutena. Uriberen esanetan, emanaldi anitza da; hiru ahotsetara egiten dute, eta musikari dagokionez, aurrekoa baino elektrikoagoa eta garaikideagoa dela gaineratu du.
Egitasmoak, Euskal Herria gai nagusitzat duten Kirmen Uriberen testuak ditu oinarrian: "Nik aurrez testu horiek egin nituen eta gero musika eta marrazkiak egin zizkioten. Testuak askotarikoak dira, bertso-eran egindakoak daude, koplak eta baita bertso librean idatzitakoak ere". Musikarekin lagunduta, testu horiek egileak berak errezitatzen ditu: "Errezitatzeko orduan beraiek jotzen daude, ez dago jausi handirik kantu eta errezitatutako poesien artean, jendeak ez du ezberdintasunik nabaritzen. Oso konpaktua, trinkoa, da dena. Mikelek esaten du denak direla kantak" azaldu du barrez poetak.
Zaharregia txikiegia agian ikuskizunean irudien proiekzioak bazeuden ere, oraingoan musika eta hitzak bakarrik dira ikuskizunaren osagaiak. " Proiekzioena oso zaila da, ondo egin behar da; izan ere, askotan proiekzioek nahastu egiten du ikuslea. Irudiekin mezua edo hitza galdu egiten da batzuetan, eta horrek, entzulea despistatu egin izan ohi du; horregatik mezuari eman nahi izan diogu indarra. Irudirik ez dagoen arren, oso koloretsua dela esango nuke, batzuetan, Mikelek kantatzen du, eta beste batzuetan, Rafak. Errezitatzeaz gainera, nik ere ahots batzuk sartzen ditut" dio Uribek eta zera gaineratu du: "Bidaia baten antzekoa da, momentu eta sentimendu ezberdinak dituena".
Ez dute taula gaina bereziki janzten, argiak eta laukotea dira, bada, osagai bakarrak.
Azaroan estreinatutakoa
Ondarroako Marabilli jaialdian lagun artean erakutsita, New York-en arrakastaz estreinatu zuten azaroan. Gasteizko Artium-en ere harrera ona izan zuten, eta ilusioz datoz Bergarara.