Aintzane Oiarbide bozeramaile jeltzaleak "Udal Gobernua atez ateko sistemarekin inprobisazio hutsez" jokatzen ari dela salatu du: "Duela jada bi hilabete hasi ziren, korrika eta presaka, txintxilikarioak ezartzen Bergara Garbia plataformak herri kontsulta egingo zuela jakin zutenean. Beraz, argi geratu da txintxilikarioak azkartasunez ezarri nahi izan zituztela jendeak kontsultan ez parte hartzeko". Eta zera gehitu du: “Orain, Udal Gobernuak esan du gehiengoaren nahiaren aurkako sistema hau beranduago jarriko dela abian 'zailtasun teknikoak' direla eta. Baita Gabonetan hondakinen kopurua igo delako eta ondorioz, zenbait alorretan atzerapenak izan dituztelako". Bada, jeltzaleek Udal Gobernuari gogorarazi nahi diote "hondakinen bilketa sistemak eraginkorra" izan behar duela beti, "Gabonak, festak edota uda garaia bada ere. Hau da, urte osoan zehar". Bestalde, Aintzane Oiarbide bozeramaile jeltzalea "kezkaturik" dago "paper, beira edota ontzien edukiontziak, sistema berria ezartzen denean ere erabiliko direnak, gainezka eta hondatuta" daudelako "eta ondorioz, herritarrei beren etxeetan pilatzen zaizkie hondakinak", dio.
Jeltzaleen ustez "horrek guztiak bistan uzten du alkate andereak ezjakintasunez, inprobisazioz eta bereziki, premeditazioz" jokatu duela "bergararrak beldurrarazi eta behartzeko".
Honako hau ere azaltzen dute jeltzaleek idatzian: "Joan den udan, atez ateko sistema ezarri ahal izateko, gune historikoko karkabak egokitzeko saiakera egin zuten, baina EAJ-PNVk aurkeztutako hainbat idatzi eta irregulartasun abisuen ostean, ezerezean geratu ziren proiektu horiek guztiak". Eta gehitzen dute: "Orain, Bildu-Aralar gobernuak lokalak erosi nahi ditu herritarrek beren hondakinak bertan uzteko, baina ez dakigu zenbat kostatuko den horiek erosi eta egokitzea, eta gainera, askoz ere deserosoagoa izango da inguru horietan bizi diren bizilagunentzat hondakin, kartoi eta ontziak eramateko distantzia handiagoak egin beharko dituztelako", azpimarratu du Aintzane Oiarbide bozeramaileak.
Jeltzaleek diotenez, "alkate anderearen zorroztasun eta seriotasun falta nabaria da, plenoan erakutsi zuen modura. Izan ere, lokal bat erosteko 50.000 euroko diru partidari buruz galdetzean, alkate andereak ez zuen azaltzen jakin zertarako erabiliko zen diru hori, edo ez zuen azaldu nahi izan. Alkate anderearen erantzuna izan zen 'beharrak dituztela, baina ez zekitela zehazki zertarako erabiliko zuten lokal hori'. Ondoren gaineratu zuen 'agian ez dutela erosi ere egingo'. Onartezina da, eta are gehiago administrazio publikoan, dirua horrela xahutu eta inprobisazioz jokatzea".
Horrekin batera, Bergarako EAJ-PNVko Udal taldeak alkate andereari gogorarazi nahi dio: "Duela gutxi Oñatiko atez ateko bilketarako kuboak nola desagertu diren ikusi ahal izan dugu, hondakinen bilketa desastre hutsa bilakatuz herri horretan". Eta zehaztu dute: “Ez dugu ulertzen Arrasaten 5. Edukiontzia onartu eta zergatik ari zareten Bergaran lokalak erosi eta obrak egiten gure Mankomunitatean atez ateko sistemak arrakastarik eta eraginkortasunik izan ez duenean”.
Amaiatzeko, EAJ-PNVko udal taldeak "gobernuaren gardentasun falta" salatu du "informazio eskakizunei erantzunik ez emateagatik. Izan ere, aipatu ditugun gai guztien inguruan ez digute daturik helarazi". Horregatik, "beste instantzia batzuetara jotzeko erabakia" hartu dute, "informazioa jaso eta irregulartasun posibleen berri izan eta beharrezko salaketak egiteko".