Udal Gobernu taldearentzat "gaizki planteatutako galdeketa" izan da

Txomin Madina Milikua 2013ko aza. 11a, 11:22

"Oraingoan ere, "sinadura" bilketan bezala, galdeketaren planteamendu okerrak aukera ematen du zilegizko aurkakotasuna erakusten duten herritarren iritzia desitxuratzeko" diote Bergarako Udal Gobernu taldekoek galdeketaren inguruan egin duten balorazioan. Albiste barruan, balorazioa osorik.

Prentsaurrekoan banatutako oharra, oso-osorik:

"Udal Gobernu taldeak errespetu osoa erakutsi nahi die kontsulta honen bidez hondakin sistemari buruzko desadostasuna erakutsi duten herritarrei, baina argi daukagu herritar ugarik ere sistema berria probatu nahi duela eta euron jarrera aurkakotasuna erakusten duten herritarrena bezain errespetagarria dela.

Oraingoan ere, sinadura bilketan bezala galdeketaren planteamentu okerrak aukera ematen du zilegizko aurkakotasuna erakusten duten herritarren iritzia desitxuratzeko.

Alde batetik, galdeketa ez baita egin erroldaren arabera, ondorioz, galdeketa honetan botoa zenbatek eman ahal izan zuen jakitea ezinezkoa da. Bergaran bizi, baina erroldatu gabeko pertsonek bozkatu ahal izan dute ordainagiri bat aurkeztuz. Honek zer pentsatua ematen du, zenbat lagunek eman ahal izan dute botoa ordainagiri bera aurkeztuz?

Pertsona berari aukera eman zaio behin baino gehiagotan bozkatzeko, herritar moduan, merkatari moduan edo bi etxe edo gehiagoren jabe moduan. Hauek balira  hurrengo Udal Hautakusdeetarako arau eta oinarriak? Guk uste dugu edozein galdeketa edo hauteskundeetan pertsona bat boto bat printzipioa ezinbesteko oinarria dela.

Ildo beretik, boto delegatuari dagokionez adierazi nahi dugu ez diogula inolako zilegitasunik ematen, praktika honek ere iruzurrari ateak zabaltzen dizkiolako. Herritar baten botoak isilpekoa eta librea izan behar du eta boto delegatuan oinarrizko arau hauek ez dira errespetatzen eta koakziorako bidea zabalik uzten du. Galdeketetan badira errespetatu beharreko oinarrizko bi arau boto emailea dagokion herrian erroldatuta egotea eta aipaitu dugun moduan herritar bat, boto bat. Gaurko galdeketan ez dira oinarrizko arau hauek bete.

Gainera, galdeketa ez da izan gardena. Bozketa pribatua zela eta Zero zabor taldeko kideei galdeketan begirale moduan parte hartzea galarazi zaie. Zer izkutatu nahi izan dute jarrera honen atzean? Honi lotuta zera adierazi nahi du Udal Gobernu honek: arbuiatzen dugula Ertzaintzak izan duen jarrera eta hiru lagun identifikatu izana; galdeketa hau eraikin publikoetan izan da eta guk eskatutako baliabide guztiak jarri ditugu eskura. Ez zaigu ondo irizten Bergara Garbiak Ertzaintzari deitu izana eta jendea identifikatu izana eraikin publiko baten egoteagatik.

Gaizki planteatutako galdeketa honegatik ez dugu kopuru fidagarririk espero, baina argi ikusten dugu alde bateko zein besteko datuei erreparatuta herrian zatiketa handia dagoela. Egoera honetan beste behin lasaitasun mezua igorri nahi diegu herritarrei, oso sinplea eta erraza da eskatzen duguna, gurekin hitz egitera hurbildu direnak hau al zen dena? -esan dute harriduraz, gainera posible da egoera berezietan egokitzapenak egitea eta malgutzea. Eman diezaiogun aukera bat sistema berriari.

Merezi du esfortzu txiki bat egitea gure ondorenguei ingurumena jaso duguna baino baldintza hobeagotan uztea. Guztion artean lortuko dugula uste dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak