Bergarako Bilduk atez atekoaren alde egiten du "orain arteko sistemak ez duelako birziklatzea bermatzen"

Txomin Madina Milikua 2012ko mar. 7a, 21:13

Bergarako Bilduk agerraldia egin du hiri hondakinen inguruan. Atez atekoaren alde agertzen direla adierazi dute eta iragarri, martxoaren 26ko osoko bilkuran atez ateko sistemaren aldeko mozioa landuko dutela. Datorren astean hasita, hiri hondakinen inguruan herritarrak informatzeko hiru faseko prozesu bat ere abiaraziko dute.

 

Bergarako Bilduko hainbat zinegotzik agerraldia egin dute gaur arratsaldean hiri hondakinen inguruan duten ideia eta prestatu duten plangintza azaltzeko. Jesus Elortzak esan du Bilduk atez ateko hondakinen kudeaketa sistemaren alde agertzen dela, bere esanetan birziklatzearen alde daudelako eta orain arteko sistemak ez duelako birziklatzea bermatzen. Elortzak azaldu duenez orain arte hondakinen kudeaketa ez da behar besteko ondo egin, eta aurrerapausoak eman arren, ez da nahikoa hondakinak selektiboki kudeatzeko. Bere esanetan hondakin gutxiago sortzea da gakoetako bat, eta beste bat, berrerabiltzea eta birzklatzea.

Gauzak horrela, Bergarako Bildukoek iragarri dute martxoren 26ko osoko bilkuran atez ateko sistemaren aldeko mozioa landuko dutela. Horretaz gainera,  hiri hondakinen inguruan herritarrak informatzeko hiru faseko prozesu bat jarriko dute martxan, datorren astean hasiko dena.

Hitzaldiak, mahai ingurua eta erakusketa

Prozesuaren lehen faseari Informazio-komunikazio fasea deitu diote, eta azaldu dutenez, herritarrak informatzea eta gaiarekin kontzientzia hartzea dira helburuak. Datorren astean hasi eta Aste Santura arte luzatuko da prozesu hau eta hainbat ekintza egingo dituzte:

  • Martxoaren 14a: mahai ingurua egingo dute Zabalotegi aretoan 19:00etan hasita. Bertan lau alderdi politikotako ordezkariek gaiaren inguruan eztabaidatuko dute:  Juan Karlos Alduntzin (Bildu), Rebeka Ubera (Aralar), Denis Itsaso (PSE-EE) eta Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ).
  • Martxoaren 15a: Imanol Azpirozek zero zabor filosofia azalduko du Bilketa masibotik zero zaborrerantz izeneko hitzaldian. 19:00etan izango da osoko bilkuren aretoan eta aldi bateko itzulpena egongo da.
  • Martxoaren 15a: Markel Azkargortak eta Pedro Iturbek Antzuolako eredua azalduko dute Antzuolako kasua: erabakia, erreakzioak eta bizipenak deituriko hitzaldian. 15:00etatik 16:00etara egingo da hitzaldia osoko bilkuren aretoan.
  • Martxoaren 16a: Zero zabor: posible da atez atekorik gabe? izeneko hitzaldian, Usurbilgo lehen esperientzia azalduko da testigantza praktikoekin. 19:00etan osoko bilkuren aretoan.
  • Martxoaren 19a: Atez atekoaren praktika: bergarar batzuen testigantza hitzaldian, Hernanin eta Antzuolan bizi diren bergarar batzuek euren bizipenak kontatuko dituzte. 19:00etan, osoko bilkuren aretoan.
  • Martxoaren 19tik 25era: Birziklatuz sortu erakusketa egongo da osoko bilkuren aretoan.

Bigarren eta hirugarren faseak

Bigarren faseari Atez atekoan sakontzen deitu diote, eta bertan aurreikusten dira auzoetan batzarrak eta herritarrekin, herri eragileekin eta merkatariekin bilerak. Kezkak jasotzea da helburua, eta apirila eta ekaina artean burutuko dute.

Hirugarren fasea udazkenean egingo da. Kontsulta-kontraste fasea izango da: auzoz auzo batzarrak egingo dituzte, eta plangintza teknikoa herritarrekin kontrastatzeko fasea ere izango da.

Bildu koaliziotik adierazi dute hezkuntza munduan ere gai honen inguruko lanketa espezifikoa egingo dela. Honetaz gain, merkataritzan, industriaguneetan eta landa eremuan ere plangintza bereziak egingo dituzte, eta iragarri dute gune horien behar eta premietara egokitutako planak izango direla.

Autokonpostajea

Bildukoek jakinarazi dute era berean autokonpostajearen alde ere egiten dutela, euren hitzetan ziklotik hondakinak ateratzea ahalbideratzen duelako. Hala, autokonpostajea bultzatzeko ikastaro zein ekimenak jarriko dituzte abian, Mankomunitate mailakoak izango direnak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak