2027ko otsailean hasiko dituzte Arrasateko Txikitxokoa handitzeko lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu

Maala kaleko Txikitxokorako sarrera. 

Azken osoko bilkuran zeresana eman zuen Txikitxokoa handitzeko lanen harira, Udal Gobernuak azaldu du azaroaren 19an irtengo dela lizitaziora proiektua, Kulturateko klimatizaziokoarekin eta Santamainako liburutegikoarekin batera. "Hiru hilabeteko lizitazioa da; otsailerako lizitatuta egongo da eta orduan hasiko dira lanak", diote Udal Gobernutik. EAJk kudeaketa-gaitasun eza leporatu dio EH Bilduri, lanon "etengabeko atzerapenak" direla-eta. 

Arrasateko Txikitxokoa 2018ko abenduan ireki zuten Maala kalean, 0 eta 6 urte arteko haurrendako eta haien familiendako aisialdi-gune bezala. Umeek eta gurasoek jolasteko gunea izateaz gain, edoskitzeko espazio egoki bat ere izan daiteke, eta baita gurasoen artean harremanak eta elkartrukea sustatzeko ere. Izan ere, Txikitxokoaren funtzionamendu egokirako gakoa da gurasoen jarduera, haiek direlako elkarbizitza zainduko dutenak. 

336 erabiltzaile-txartel eskatu dira

Txikitxokoan ezezagun batzuek eragindako kalteek eraginda, besteak beste, Udalak erabaki zuen zerbitzua erabiltzeko txartela eskatzea. Oraingoz, Udal Gobernuak emandako azken datuen arabera, 336 txartel banatu dira, 322 fisiko eta 14 digital. Zerbitzua ematen duen lokala txiki geratu dela-eta, agintaldi honetako proiektuetako bat da Txikitxokoa handitzea; lanak esleitu gabe geratu dira aurten, eta "proiektuan egindako aldaketekin" Udal Gobernuak dio lizitazioak aurrera egingo duela: "Handitzeaz gain, irisgarritasuna bermatuko da, komunak egokituko dira eta segurtasunerako eta legea betetzeko instalazio elektrikoa berrituko da. 2027ko negurako prest egongo da ziur, 19 asteko lanak aurreikusten dira-eta. 2027-2028 ikasturte hasierarako prest egon beharko litzateke".

EAJk "etengabeko atzerapena" salatu du

Espazioa handitzeko lanak, EAJren arabera, "etengabe atzeratu" dira.  Jeltzaleek kudeaketa-gaitasun eza leporatu dio EH Bilduri, aurtengo negurako Txikitxoko handitua prest egon ahalko litzatekeela sinetsita: "Ez gara proiektu konplexu batez ari, ezta bat-batean sortutako jarduketa batez ere. 2024tik ari gara handitze-lan horiek eskatzen, eta, lokala dagoeneko alokatuta egon arren, oraindik ez dira lanak hasi eta ez dago benetako irtenbiderik. Kezkagarriena ez da lizitazio bat esleitu gabe geratzea, hori gerta baitaiteke, baizik eta Udal Gobernuak urte erdi baino gehiagoz erantzuteko gaitasunik ez izatea. Gobernatzeak arazoei aurrea hartzea, erabakiak hartzea eta proiektuak desblokeatzea ere esan nahi du. Eta kasu honetan, EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek kudeaketa-gaitasun falta kezkagarria erakutsi dute", adierazi du EAJko eledun Ander Garayk.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak