Arrasateko EAJ: "EH Bilduk asko hitz egin du etxebizitzaz, baina oso gutxi egin"

Jokin Bereziartua Lizarazu

EAJko bozeramaile Ander Garay, Arrasateko Doctor Cordoba y Oro plazan. Argazkia: Arrasateko EAJ.

Arrasateko EAJk EH Bilduren Udal Gobernuari eskatu dio "beharrezko urratsak" bizkortzeko, herrian egin daitezkeen babes ofizialeko, tasatutako eta zuzkidura-bizitokiko 168 etxebizitzak "lehenbailehen" errealitate bihur daitezen.

Arrasateko jeltzaleek ohar bidez salatu dute EH Bilduk asko hitz egiten duela etxebizitzaz, baina gutxi egiten duela. "Aukera zehatzak ditugu mahai gainean eta, 2026ko irailean, Udalaren esku dauden erabaki garrantzitsuak hartu gabe jarraitzen dute", dio EAJko eledun Ander Garayk.

La Merced eta Polmetasa zaharra 

La Merceden 67 zuzkidura-bizitoki egiteko aukera dagoela diote jeltzaleek: "Eusko Jaurlaritzak aspaldi adierazi zuen proiektua garatzeko prest zegoela, baina horretarako Udalak eraikinaren jabetza eskuratu behar du lehenik eta, ondoren, Jaurlaritzari laga. Jabetza eskuratuko zela esan zen, baina oraindik zain gaude. Udalak urrats hori ematen ez duen bitartean, 67 etxebizitza horiek ezin izango dute aurrera egin".

Kontuan hartu behar da Udal Gobernuak ekainean jakinarazi zuenla eraikina erosteko asmoa eta erosketa 2027. urte hasieran gauzatuko dela berretsi duela. 

San Andres auzoko Polmetasa zaharreko lurretan, bestalde, udal-jabetzako lursail batean babes ofizialeko 66 etxebizitza eraiki daitezkeela dio EAJk: "Kasu honetan ere, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak eraikitzeko prestutasuna adierazi du, baina horretarako Udalak lursaila Jaurlaritzari laga behar dio aldez aurretik". Garayk gaineratu du EAJk 2025eko urtarrilean eskatu zuela lagapen hori egitea. "Zarautz, Urnieta, Gasteiz, Andoain edo Errenteria bezalako herriek dagoeneko laga dizkiote lurrak Eusko Jaurlaritzari babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko. Arrasaten, berriz, argazkiak eta iragarpenak baditugu, baina ezinbesteko urratsa egin gabe jarraitzen dute".

Horrez gain, diote jeltzaleek ohar bidez, Polmetasan beste 35 etxebizitza tasatu egiteko aukera dago, sustatzaile pribatu baten lursailean: "EAJk proposatu du Udalak sustatzailearekin harremanetan jar dadila etxebizitza horien eraikuntza bultzatzeko eta, sustatzaileak aurrera egiteko asmorik ez badu, lursaila erosteko aukera azter dezala, ondoren Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean etxebizitza tasatuak sustatzeko. Aukera guztiak aztertu behar dira. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu gero eta arrasatear gehiagok etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten bitartean".

Udal Gobernuak 2025ean helarazi zion Eusko Jaurlaritzari lursail horren lagapena egiteko asmoa, eta urte horretako ekainean, La Caixako etxebizitzen erosketaren albistearekin batera iragarri zuen dagoeneko eskaintza egina ziola Eusko Jaurlaritzari.

Garay: "Eremu tentsionatu izendatzea ez da nahikoa"

EAJren ustez, Arrasate etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea ez da nahikoa, neurri horrekin batera "etxebizitza eskuragarri berriak eraikitzen ez badira". Halaber, gogora ekarri dute, 2015 eta 2023 urteen artean, alderdi jeltzaleak gidatutako udal gobernuekin, babes ofizialeko 170 etxebizitza eta Grupo San Juanen 12 zuzkidura-bizitoki eraiki zituztela. Era berean, adierazi dute gazteen emantzipazioa errazteko 60.000 euroko dirulaguntza lerroa jarri zutela martxan: "Gaur egun, berriz, EH Bilduren Udal Gobernuak 5.000 euroko partida baino ez du aurreikusten", gaineratu dute. 

"Hitzetik ekintzetara" pasatzeko eskaera

EAJko bozeramaile Ander Garayk honako hau gaineratu du: "Guk erakutsi genuen borondatea, plangintza eta lana daudenean aurrera egin daitekeela. Arrasatek beste aukera handi bat dauka orain 168 etxebizitza hauekin, eta ezin dugu alferrik galdu. Horregatik, EAJk hiru urrats zehatz eskatu ditu: La Mercedeko jabetza eskuratzea, Polmetasako udal-lursaila Eusko Jaurlaritzari lagatzea eta 35 etxebizitza tasatuak sustatzeko beharrezko kudeaketak abiatzea. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da. Etxebizitzaren gaiak anbizioa, seriotasuna eta lana eskatzen ditu".

Horren harira, nabarmentzekoa da martxoaren 31an Eusko Jaurlaritzan izan zela Arrasateko Udal Gobernua. Orduan azaldu zuen bi aldeek "prestutasun osoa" zutela bi operazio horiek gauzatzeko. Bilera hartan, gaiaren gaineko elkarlan ildo bat martxan jarri zuten adostutakoa gauzatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak