La Caixako etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko eka. 24a, 15:07

Arrasateko Udal Gobernua "pozik" agertu da La Caixako etxebizitzak publikoak izango direlako aurrerantzean, eta Etxebizitza Sailarekin izandako "elkarlan positiboa" txalotu du. Arrasateko Aprendices kalean La Caixaren jabetzako 148 etxebizitza daude, babes sozialekoak.

La Caixako alokairuzko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira eta hori "oso albiste ona eta positiboa" dela adierazi du Arrasateko Udal Gobernuak. "Izan ere, akordio edo borondate politikorik egon ezean, La Caixak aukera izango luke etxebizitzak funts pribatuen esku uzteko. Erosketa honekin, alokairu publiko eta soziala bermatzen jarraituko dugu".

Hain zuzen, La Caixako eraikina 5,7 milioi eurogatik erosi du Eusko Jaurlaritzak, eroslehentasun eta atzera-eskuratzeko klausulari esker –klausulak zioen erakunde publikoek lehentasuna izango zutela etxebizitza horiek erosteko–. Prozesuaren hasieratik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren eta Udalaren arteko harremana "etengabea" izan dela dio Gobernuak. "Izan ere, Udalak ez du ahalmen ekonomikorik halako erosketa bat egiteko. Hala ere, bitartekari lanak egiteko aukera izan du bizilagunekin".

Udal Gobernuak operazioa positibotzat jo badu ere, gogoratu du erosketa horrek ez duela alokairu parkea handituko. "Erosketa horrekin alokairu parkea ez txikitzea lortzen dugu. Ezinbesteko neurri bat da, baina ez nahikoa. Horregatik, Udalak, San Andresko lurzoru publikoa Eusko Jaurlaritzaren esku doan uzteko proposamena berretsi du, Etxebizitza Sailaren baliabideak bideratzeko Arrasaten alokairuzko etxebizitza gehiago eraikitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak