Arrasateko Udalak jakinarazi du Mesedeetako ikastetxea erosteko erabakia hartu duela eta erabaki hori "estrategikoa" dela "herriari eta ongizateari ate berri bat zabaltzeko". Egun hutsik dagoen espazioa berreskuratu eta bertan gazteendako alokairuzko etxebizitzak eta nagusien zaintza eredua garatzea da erosketa honen helburua eta horretarako Udala dagoeneko Gipuzkoako Aldundirekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan dagoela adierazi du Udalak berak prentsa ohar bidez. Operazio honek hiru milioi euroko inbertsioa egitea eskatuko du eta erabakia orain, atzo, hartu bada ere, 2027an gauzatuko da.

Maider Morras alkateak, erabaki honek herriarentzat duen garrantzia azpimarratu du oharrean: "Erabaki honekin jauzi garrantzitsu bat ematen dugu Arrasateko hirigintzan eta gizarte politiketan. Gaur egun erabilerarik gabe dagoen espazio bati bizi berri eta funtzio berri bat emango diogu, herritarrentzako gune bizi eta baliagarria bihurtuz. Espazioak belaunaldi ezberdinen beharrei erantzutea du helburu. Modu honetan, ate berri bat zabaltzen zaio Arrasateri, etorkizuneko erronkei, etxebizitzari eta zaintzari kasu, erantzun sendoa emateko".
Irailean utziko dute eraikina mojek
Egun, lau moja bizi dira Meseedetako eraikinean, eta irailean utziko dute eraikina. "Udal Gobernutik gure esker beroenak eman nahi dizkiogu urte luzez hemen izan diren mojei, izan ere, mojak ezinbesteko bidelagun izan dira salerosketa akordioa ixteko. Izan ere, Udalak erosi ezean, arriskua baitzegoen era funts batek eraikina erosteko. Erosketa honekin Arrasatek irabazten du" azaldu du alkateak.

Eraikina hutsik geratzen den unetik aurrera, Udalak segurtasun neurri eta sistemak ezarriko dituela ere aurreratu du Udal Gobernuak.