Urtean zehar kontzertuak eta bestelako ekitaldi gehiago antolatu ditu Ibai-arte merkatari elkarteak Arrasate Blues izenarekin sinatuta, baina heldu da horien guztien oinarria eta mamia den Arrasate Blues jaialdia. Atzo ekin zioten zortzigarren aldiarim eta domeka bitartean askotariko doinuekin gozatzeko bidea emango duen egitarau "aparta" prestatu du Arrasateko merkatari elkarteak, Arrasateko Udalaren laguntzarekin, eta hainbat kolaboratzaileren babesarekin –Kajoi taberna, BZ, Distribuciones Gorbea, Kobate, Arregi Hortz Klinika eta Angela estetika zentroa–. Ohi bezala, Arrasateko erdiguneko kaleak eta plazak askotariko jatorri, estilo eta profiletako musikarien agertoki bihurtzeko asmoarekin.
Bluesa, "zentzu zabalean"
Hemezortzi kontzertu izango dira aurtengo jaialdian guztira, herriko hamaika gunetan banatuta. 62 musikari izango dira taularen gainean; horien artean, hamabi emakumezko. Zazpi izango dira soinu-teknikariak eta hamar bat laguneko lantaldea ibiliko da askotariko atzeko lanetan. "Datuetatik harago, jaialdiaren ezaugarriei dagokienez, orain artekoen bidetik izango da; hau da, izenak adierazten duen moduan, blues estiloa da gure jaialdiaren oinarria, baina bestelako musika estiloetara ere zabalik izango gara, aurreko aldietan moduan; beraz, rockera gerturatzen diren talde batzuk izango dira, souletik ere baduten beste emanaldi batzuk ere bai, eta baita jazz doinuekin nahasten dituztenak ere", azaldu du Arrasate Blues jaialdiko zuzendari Jon Apraizek, eta zera gaineratu du: "Izen handiko musikari asko izango dira aurten ere Arrasaten; adibidez, kartel-burua den Big Daddy Wilson. Alemanian bizi den AEBetako eskarmentu handiko musikaria da, ahots, presentzia eta jarrera handia duena; Italiako banda batekin izango dugu gurean. Beste izar handi bat zen gurera etortzekoa, eta hala genuen lotuta, baina azken orduan Europan zehar bira bat atera zitzaiola-eta ezin izango zela etorri esan zigunean, Bejarko jaialdiarekin harremanetan jarri ginen, eta, elkarlanean, Big Daddy Wilson ekartzea lortu dugu; egubakoitzean Bejarren egongo da eta hurrengo egunean, Arrasaten. Hala etorri zen, iaz, Sugaray handia. Bluesetik asko du, baina baita souletik ere; hortaz, aurtengo egitarauari beste ukitu hori emango dio amerikarrak".
Jon Apraiz: "Osatua geratu da aurtengo egitaraua, ibilbide handiko musikariekin"
Jaialdiko zuzendaria "gustura" dago lotutako egitarauarekin: "Osatua geratu dela esango nuke, askotariko musika estiloak batzen dituelako eta ibilbide handiko taldeak zein berriagoak ere badaudelako. Jazza entzuteko bidea ere izango dugu, Femme Vocal Jazz taldearen eskutik, esaterako; ez da erraza izaten halako proiektuak halako jaialdietan sartzea, baina, gureari eutsiz, musika beltzaren eta horren bueltako doinuen erakusleiho zabala izango da aurtengo jaialdia ere".
Kanpokoak eta euskaldunak
Euskal Herriko musika-maparen erakusle izatea ere bada Arrasate Blueseko antolatzaileen helburua, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko musikariak izango dira taularen gainean, baina urrunagotik etorriko direnak ere bai. Urtetik urtera eskaintza berria egiteko ahalegina egiten dute, eta aurten ere lortu dute, nahiz eta badiren aurrez jaialdian egon diren musikariak ere, beste formatu batzuetan bada ere. "Adibideetako bat da Gonzalo Portugal; iaz, Sugarayrekin izan zen taularen gainean, baina aurten talde edo proiektu propioarekin izango da. Paul San Martin ere gure egitarau askotan ikusi duzue, baina domekan, Mondragon Hotelean, formatua bitxian izango da: Lluis Colomarekin batera; biak isats-pianoekin, aurrez aurre".
Iban Larreboure: "Halako espazioak beharrezkoak dira musika eta bestelako diziplinak sustatzeko"
JAC Electric taldearen izena iazko egitarauan zegoen jasota, baina, zoritxarrez, euriak hala baldintzatuta, bertan behera geratu zen azken orduan emanaldia; bada, toki berean, Ferrerias kaleko Arotz plazan izango dira, zapatu gauean. "Sekulako gogoz gaude Arrasaten jotzeko, eta, bide batez, iazko arantzatxoa kentzeko. Zetak taldearekin emanaldi bat nuen iaz, eta ez nuen etortzerik izan; beraz, sekulako ilusioa dut Arrasate Blues jaialdia barrutik ezagutzeko. Hirukote moduan goaz [Jaime Alvarellos JAC abeslaria eta gitarra-jolea, Louise Tossut baxu-jolea eta Iban Larreboure bateria-jolea]. Asko gustatzen zaizkidan musikariak dira biak, eta pertsona moduan ere maitagarriak. Blues-rock estiloan kokatzen da gure musika, eta iaz argitaratu genuen Now diskoa izango da errepertorioko oinarria, blues kantu batzuen moldaketekin edo bertsioekin osatuta. Halako espazioak beharrezkoak dira musika edo beste kultura diziplinak sustatzeko. Aurtengo jaialdiko kartelera begiratuta, gainera, argi ikusten da sekulako artistak etorriko direla", azaldu du JAC Electric taldeko bateria-jole Iban Larrebourek.
'Jam session'-ak, Bluexeirekin
Aterpe taberna izango da aurten ere jam session edo bat-bateko musika ekitaldi inprobisatuen gune, egubakoitzeko eta zapatuko gauerdietan. Bluexei talde berriak gidatuko ditu aurtengoak, jaialdiko antolatzaileek propio saio horietarako abiarazi edo sortu duten taldeak. "Jam session-ak gidatuko dituen taldeak aurkitzeko askotan arazoak izaten ditut, eta horregatik okurritu zitzaidan eskualdeko musikariekin osatutako talde bat sortzea. Talde horren eginkizun nagusia izango da blues-estandar batzuk prestatuta izatea; izan ere, euren kontzertua amaitu ondoren, beste musikari batzuk igotzen hasiko dira oholtzara, eta etengabeko aldaketak izaten dira; jam session-ak bakar eta errepikaezin bihurtzen dira", dio Apraizek.
Olatz Urkia: "Erronka oso polita proposatu ziguten, eta pozarren eman genuen baiezkoa"
Seikotea da Bluexei eta Arrasateko hiru musikarik eta Bergarako beste horrenbestek osatzen dute: Olatz Urkia piano-joleak; Ebert Sanchez gitarra-joleak; Aitor Etxagibel bateria-joleak; Asier Elortza tronpeta-jole eta abeslariak; Nagore Sanz baxu-joleak; eta Zigor Martinez saxofoi eta klarinete-joleak. "Erronka oso polita proposatu ziguten, eta pozarren eman genuen baiezkoa, nahiz eta aitortu behar dudan urduri samar ere banagoela, ez dut-eta sekula halako saiorik egin. Eta, nola ez, urtero moduan, kontzertuz kontzertu ibiliko naiz gozatzen ", kontatu du Bluexei taldeko Olatz Urkiak.
Kamisetak, eskuragarri
Kamiseta urdin "biziak" atera dituzte aurten. "Kontzertuetan izango dira salgai. Guretako garrantzitsua da, jaialdiko gastuak ordainduta dauden arren, urtean zehar beste ekitaldi batzuk antolatzeko baliabideak lortzen ditugulako salmenta horietatik".
Arrasate Blues Jaialdiko kontzertuak
Uztailak 10, egubakoitza
• 18:30: Jonas Molina Swing Explosion, Ferrerias kalean –Basati tabernaren ondoan–.
• 19:00: Femme Vocal Jazz, Euskal Herria plazan –1990 ondoan–.
• 19:00: Slideboy Vegas bakarlaria, Kontzezino kalean –Iamai tabernaren ondoan.
• 20:00: Red House Revival, Otalora Lizentziaduna kalean –Taupa tabernaren ondoan–.
• 22:30 JAC Electric, Ferrerias kalean –Irati tabernaren ondoan–.
• 00:00: Bluexei taldearekin jam session-a, Aterpe tabernan.
Uztailak 11, zapatua
• 12:00: Slideboy Vegas, Elma kalean –Elma tabernaren ondoan–.
• 13:00: Bluehat, Portaloian.
• 18:30: Crazy Jumpers, Portaloian.
• 20:00: Gonzalo Portugal, Herriko Plazan.
• 22:30: Big Daddy Wilson, Herriko Plazan.
• 00:00: Bluexei taldearekin jam session-a.
Uztailak 12, domeka
• 12:00: Slideboy Vegas, Herriko Plazan, Kajoi tabernaren ondoan.
• 13:00: Paul San Martin eta Lluis Coloma, Mondragon Hotelean.
• 19:00: Angry Lovers, Otalora Lizentziaduna kalean.
Uztailak 16, eguena
• 19:00: Nuria Lopez Garcia, Mondragon Hotelean.
Oharra: Blues dantza ikastaroa ere izango da zapatuan, 11:00etan hasita, Portaloian, Gasteizko Lazy Blues taldearen eskutik.
Artisau azoka eta dantza ikastaroa
"Esperimentu" moduan egin zuten orain dela bi urte artisau azoka Arrasate Blues jaialdiaren baitan, eta, antolatzaileak eta protagonistak "emaitzarekin gustura", hirugarrenez egingo dute aurten. Seber Altube plazan izango da: zapatuan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta, domekan 11:00etatik 14:00etara.
Hamalau postu izango dira. "Herriko beste elkarte batzuekin elkarlana egitea dago gure DNAren baitan, eta Eskuartean taldearekin antolatu dugu azoka. Herriko zein bailarako artisauek egindako denetariko lanak topatuko dituzue: bitxiak eta bestelako osagarriak eta baita jaki gozoak ere", azaldu du jaialdiko zuzendariak.
Lazy Blues dantza taldea
Arrasateko jaialdiko aspaldiko lagunak dira Gasteizko Lazy Blues dantza taldekoak, eta aurten ere Portaloian izango dira, zapatuan, animatzen den jende guztia dantzan jartzeko asmoz. "Blues dantza irakasten duen Euskal Herriko dantza akademia bakarra da. Oinarrizko pausoak ikastea eta gozatzea dauka ikastaroak helburu; dohainik da, eta ez da aldez aurretik izenik eman behar".