Iban Larreboure: "Ze talderekin jotzea baino, egiten den horretan sinistea da garrantzitsuagoa "

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko ekainaren 26a

Zetak eta JAC Electric taldeetako bateria-jole Iban Larreboure, astelehenean, Goienako egoitzan.

Uztailaren 10ean Arrasaten izango da ibilbide handiko bateria-jolea kide den JAC Electric taldeak kontzertua egingo duelako Arrasate Blues jaialdian.

11 urterekin hasi zen bateria-klaseak hartzen Iban Larreboure (Urruña, 1983), eta gaur egun hura da askoren bateria-irakasle. Otsoak izan zen haren lehenengo taldea, eta, harrezkero, hamaika proiektutan parte hartu du; Sagarroi eta Trikizio taldeetan, adibidez. Hain zuzen, Zetak eta JAC Electric taldeetako bateria-jolea da. Goienaren egoitzan izan zen astelehenean.

Zer moduz joan dira Zetak-ek San Mamesen egin dituen Mitoaroa III ikuskizunak? Gustura egon zara? 

Oso pozik gaude emaitzarekin. Atzean hilabete askotako lana dago, eta pertsona asko ere bai; beraz, denbora luzez ibili gara hori prestatzen. Asko elkartu gara, asko entseatu dugu… Denetik asko, San Mamesen handitasunaren pareko. Musikari moduan hori bizitzea ikaragarria da, denek ez dute-eta horretarako aukerarik; nik ere orain dela hilabete batzuk ez nuen espero halakorik egingo genuenik, eta, egia esan, lasaitasun eta segurtasun handiarekin jo nuen, eta, horri esker, asko gozatu nuen. 

"Gauza asko eman dizkit Zetak-ek; sorkuntzari mugarik jartzen ez dion lantaldea da"

Zer da Zetak zuretzako?

Gauza asko: gustatzen zaidan musika estilo bat; sorkuntzan mugarik jartzen ez duena eta beti, edozein arlotan, gauzak gainditzen saiatzen den lantaldea; beti dago aurrera egiteko mugimendu hori, eta uste dut horrek nire bizitzara asko ekartzen didala. Plazaratzen den mezua ere oso garrantzitsua da, euskararen eta kulturaren eta baita Euskal Herriaren nortasunaren inguruan ere. 

Hasieratik egon zara proiektuan?

Bai; 2019ko udan elkartu ginen Pello eta biak lehenengo aldiz; proiektuaren berri eman zidan, eta lehenengo abestiak erakutsi. Entseguak egiten hasi ginen, Arbizun, eta han ezagutu nituen Gorka Pastor lehenengo eta Leire Colomo gero. Harrezkero, jende asko batu da proiektura, eta gaur egun talde handi bat gara, eta oso gustura ari naiz.

Elkarrizketa egiteko aitzakia eman digu Arrasate Blues jaialdiari buruz grabatu dugun podcastak. JAC Electric taldearekin izango zara; zer da JAC Electric?

Jaime Alvarellosekin [JAC] topaketa polit bat da JAC Electric. Hasieratik sortu zen konexio berezi bat bion artean, bai pertsonalki eta bai musikalki ere. Musikari askorekin egin dut lan, eta batzuekin lotura berezia sortzen da; Jaimerekin hori hasieratik gertatu zen. 2019an izan zen hori. Pixkanaka hazten joan da proiektua. Musika estiloa ere asko gustatzen zait, eta horrek ere lagundu egiten du. 

Bi proiektu eta errealitate ezberdinak dira: eszenatoki handietan bat eta txikiagoetan bestea, baina biak berdin maite dituzula diozu.

Azken batean, niretzat berdina da Zetakekin edo JAC Electricekin jotzea. Garrantzitsuena da egiten den horretan sinestea. Nik zortea izan dut proiektu politetan parte hartu dudalako, eta beti saiatu naiz neure buruarekin zintzo izaten. Ez dut inoiz egin benetan sinesten ez nuen zerbait; nahiago dut proiektu bati ezezkoa eman baiezko txiki bat eta erdipurdi jardun baino. 

"Izugarrizko gogoa dut Arrasate Blues jaialdira joateko; beharrezkoak dira halako ekimenak" 

Gogotsu Arrasatera etortzeko?

Bai, izugarri. Iazko kontzertura etortzekoa nintzen, baina Zetakekin beste emanaldi bat atera zen eta ez nuen etortzerik izan. Zoritxarrez, ekaitzen eraginez JACek ez zuen jotzerik izan, eta aurten deseatzen gaude, guretako gauza handia da jaialdi horretan jotzea. Formatu elektrikoan joko dugu, hirukote moduan: Jaime abeslariak eta gitarra-joleak, Louise Tossut baxu-joleak eta hirurok. Asko gustatzen zaizkidan musikariak dira biak, eta pertsona moduan ere maitagarriak. Blues rock estiloan kokatzen da gure musika, eta iaz argitaratu genuen Now diskoa izango da errepertorioko oinarria, blues kantu batzuen moldaketekin edo bertsioekin osatuta.

Gustuko dituzu Arrasate Blues moduko herriko ekimenak?

Bai, noski; behar dira lekuak musika edo beste kultura diziplinentzako. Aurtengo jaialdiko kartelera begiratuta, gainera, argi ikusten da sekulako artistak etorriko direla.

EHZ jaialdia izango da asteburuan; 30. aldia aurten. Gustuko duzu?

Nire bizitzan oso presente egon den jaialdia da EHZ. Gaztetatik joan izan naiz lagunekin eta sekulako taldeak ikusi izan ditugu han. Musikari bezala ere askotan izan naiz taldeekin jotzen; sekulako lantaldea du EHZ jaialdiak hastapenetatik, eta horrela segi dezaten nahiko nuke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak