Arrasateko Udalak iragarri du bihar Musakolako kanpoko igerilekuak irekiko dituela 15:00etatik 19:00etara. Arrasaten jai eguna izanik kiroldegia itxita egotea aurreikusten zen, urtero bezala, baina beroek eragindako alerta gorria medio, Udalak langileen artean boluntarioak eskatu ditu igerilekua zabaltzeko", azaldu dute udal ordezkariek.
Gehitu dutenez, langileen eskubidea da jai egun horretaz gozatzea, herriko jai egun patronala izanda: "Ondorioz, Udalak ezin ditu langileak lanera etortzera behartu; horregatik, irekiera-erabakia langileekin adostuta hartu da. Boluntarioak eskatu ondoren, horietako batzuek lanera etortzeko prestutasuna agertu dute". Gainera, kiroldegiko ikastaroen arduraduna den BPX enpresak ere sorosleak jarriko ditu.
Lanerako prest agertu diren udal langileei "eskerrik beroenak" eman diete, "ezohiko egoera batean emandako erantzun positiboagatik". Igerilekua zabaltzeko erabakia hartzerako orduan lagundu dute "herritar ugariren eskaerek". EAJk ere horixe bera eskatu zuen atzo. Beraz, ordu tarte jakin batez bada ere, "bero ordu gogorrenak freskatzeko aukera izango dute herritar eta familiek Musakolan".
Kiroldegiko gune lehorra, ordea, itxita egongo da egun osoan zehar, aurreikusi bezala. Ur parkeen itxiera ordutegia ere luzatu du Udalak, 23:00ak arte.